Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek meritu handiko berdinketa lortu du Athleticen aurka (1-1)

Kike Garcia izan da beste aste batez armaginen golegilea

Eibarrek bana berdindu du Athleticen aurka Ligako hogeita batgarren jardunaldian. Armaginek kemenez beteriko lehia jokatu dute, partidari aurpegia galdu gabe, eta markagailuan atzetik hasi ondoren partida berdintzea lortu dute. Kike Garcia izan da eibartarren golegilea, area barruan maisuki errematatu ostean.

Lehen zatian bi taldeen arteko parekotasuna izan da osagai nagusia. Bietako inork ez du lortu partidaren kontrola. Edonola ere, lehen abisua Eibarrek eman du. Bigarren minutuan Orellanak Athleticen atezaina aurreratuta ikusi du eta urrutitik saiatu da. Bere errematea, ordea, langa gainetik irten da. Hastapenean hegaletatik iritsi dira eibartarrak baina ez dute abagune garbirik sortu.

Lehen ordu erdia bete denean iritsi dira etxekoen minuturik onenak. Athleticek bi burukada garbi egin ditu area barruan. Etxeitak lehendabizi eta Adurizek bigarrenik ondo erramatatu dituzte ezkerretik iritsitako erdiraketak baina bi burukadak kanpora joan dira. Atsedenaldira markagailuak hutsean jarraitzen zuen.

Bazirudien bigarren zatiak lehenengoaren antza hartuko zuela. Hasi eta bost minutura, ordea, Athleticen gola iritsi da. Adurizek bikain sareratu du Williamsek eskuin hegaletik jarritako baloia eta huts eta batekoa jarri du markagailuan. Norgehiagoka maldan gora jarri bada ere, eibartarrek ez dute amore eman.

Charlesen zelairatzearekin batera, Eibarren minuturik onenak iritsi dira. Armaginek lehiaren kontrolarekin egin dira, eta baloi jabetza zela medio, Athleticen areara iristen hasi dira. Alde batetik bestera mugitu du baloia taldeak eta ohi duen bezala hegaletatik arriskua egin du. Honen adierazle Diopek area ertzetik egindako jaurtiketa izan da. Errematea, tamalez, gora joan da.

Minutu bat beranduago, ordea, Kike Garciak ez du hutsik egin eta berdinketaren gola lortu du. Charlesekin luze jokatu ostean, aurrelari portugaldarrak Kikeri eman dio pasea eta honek baloi sare barrura bidali du bortizki jo ostean. Handik aurrera, Eibar gora etorri da eta Athletic bere zelaian sartzea lortu du.

Azken minuetan aukera garbiak izan ditu Eibarrek. Garbiena Arbillak izan du laurogeita hamargarren minutuan. Bere jaurtiketa gutxigatik kanpora atera da. Amaieran markagailua ez da mugitu eta banakoarekin bukatu da norgehiagoka.