Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Mallorcaren aurka galdu du etxean (1-2)

Armaginek ezin izan dute punturik gehitu Ipuruan jokatutako bigarren neurketa jarraian

Eibarrek Mallorcaren aurka galdu du Ligako 27. jardunaldian. A Armaginek ezin izan dute punturik gehitu Ipuruan jokatutako bigarren neurketa jarraian eta jaitsiera postuetatik aldentzeko aukera paregabea galdu dute. Norgehiagoka parekatuta egon bada ere, kanpoko taldea eraginkor azaldu da gaurkoan eta bi zatien amaieran bi gol egin ditu.

Mallorcak neurketako lehen abagunea izan du hirugarren minutuan. Cuchok area ertzean izkin eta gero, ezkerrez jaurtiketa ona atera du, baina Dmitrovicek ederki gelditu du baloia. Eibarren erantzuna azkar iritsi da. Hamaikagarren minutuan, Cotek falta jaurtiketa bat langara bidali du. EIbar gailentzen joan da, eta Mallorcaren zelaian jokatzea lortu du. Baina zoritxarrez, lehen zatiaren amaieran, kanpoko taldearen gola iritsi da.

Atsedenaldia gertu zela, Mallorcak Kubori egindako falta batez baliatu da markagailuan aurreratzeko. Dani Rodriguezek baloi itxia ipini du area barruan. Jaurtiketak ateko norabidea hartu du eta Arbillan jo ondoren, Dmitrovicen atea zulatu du.

Atsedenalditik bueltan, armaginek atzean kokatu den defentsa bati aurre egin behar izan diote. Mallorca sendo moldatu da eibartarren erdiraketen aurrean eta arriskua aldentzen ondo egon dira. Gainera, kontraeraso batean, kanpokoen bigarren iritsi da. Kubok errenta handitzea lortu du area ertzetik egindako jauriketa gurutzatu baten ostean.

Lehia amaieran, eibartarrak erasora joan dira. Hala, azken minutuetan Bigasen gola iritsi da Orellanak eskuin hegaletik egindako erdiraketa batean. Atzelariaren golak, ordea, ez du askorako balio izan; izan ere, ez da astirik egon gehiago jokatzeko. Galdu egin arren, Eibarrek asteartean beste aukera bat izango du Realaren aurka Ipuruan jokatuko den hirugarren norgehiagoka jarraian.