Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Levanteren etxean galdu du (2-1)

Neurketa berdindu eta berehala, Levantek bigarren egin du eta aukerarik gabe utzi ditu armaginak

Eibarrek 2-1 galdu du Ciutat de Valencian Ligako 29. jardunaldian. Armaginek ezin izan diote Levanteri neurria hartu. Etxekoek ideiak garbi izan dituzte une oro eta neurketa serioa egin dute. Mendilibarren mutilak, aldiz, galtzen hasi badira ere, norgehiagoka berdintzea lortu dute. Baina banakoa egin eta beharala, etxekoek talde armaginaren gaizki ulertu bat aprobetxatu dute amaierako bi eta batekoa egiteko.

Partida ondo hasi dute eibartarrek. Lehen minutuan Kikek armaginak aurreratzeko aukera aparta izan du. Bere errematea gutxigatik joan da kanpora. Neurkera modu ezinhobean hasi da. Izan ere, jokoa aurkariaren zelaian garatu da. Handik gutxira Eibarrek beste aukera bat izan du Jordanen bakarkako jokaldian. Olazabalek, ordea, erantzun ona eman dio jaurtiketari.

Edonola ere, Levantek ez du amorerik eman, eta minutuak aurrera egin ahala, Dmitrovicen area ingurura hurbiltzen joan da. Hogeigarren minutuan, Pazzinik etxekoen lehen abagune garbia izan du. Dmitrovicek geldiketa bikaina egin du italarriarraren gola ekiditeko. Hurrengoan, berriz, valentziarrek ez dute hutsik egin. Moralesek eskuin hegaletik erdiraketa ederra ipini du, Rogerrek lehen gola egin zezan. Atsedenaldira iritsi aurretik, Jordanek beste aukera bat izan du jauriketa baten bitartez.

Bigarren zatiak erdilari kataluniarra izan du protagonista berriro ere. Espanyoleko jokalari ohiak Leónen erdiraketa errematatzen asmatu du, baina baloiak langa jo du. Aurretik, Kikek berdinketa izan du bere eskuetan burukada on baten bidez. Taldea berdinketaren bila atera da.

Gauzak horrela, 63. minutuan, hiru aldaketak eginda zeudela, Eibarrek berdinketaren gola lortu du geldikako jokaldian. Leónek lehen zutoinera jarri du kornerra Jordanek buruz luzatu zezan. Baloia Charlesi iritsi zaio eta honek berdinketa jarri du markagailuan. Dinamika ezinhobea zeraman partidak.

Zoritxarrez, erditik atera eta berehala, Levante aurretik jarri da berriz ere. Etxekoek luze jokatu dute Boatengen bila eta honek ederki aprobetxatu du bigarrena egiteko.

Golpe latza jaso dute armaginek. Gogotik saiatu badira ere ezin izan dute gol horren aurrean erantzun eta amaieran, bi eta batekoarekin bukatu da partida.