Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Kopako kanporaketa gainditu du Cacereño lehiakor baten aurka (1-2)

Armaginek markagailua irauli behar izan dute Kopan aurrera egin ahal izateko

Eibarrek Errege Kopako bigarren kanporaketa gainditu du Cacereño lehiakor baten aurka. Hirugarren mailan lehiatzen duen taldeak gauzak zail jarri dizkio Mendilibarren zuzentzen duen taldeari. Bigarren zatiaren erdialdean, etxekoak markagailuan aurreratu dira eta Eibarrek zailtasunak izan ditu norgehiagoka bereganatzeko. 78, minutuan, baina, Pedro León berdinketa ezarri du eta arauzko denboratik kanpo Delgado atzelariak bere atean egin du gola baloia urruntzen ahalegindu denean.

Eibarrek ondo ekin dio lehiari. Lehen abagune garbia armaginena izan da. Orellanak jokaldi ezinhobea egin du eskuin hegaletik hasita baina area ertzetik ezker oinez egindako errematea ondo gelditu du Bernabé atezainak. Minutuek aurrera egin ahala, ordea, neurketa orekatzen joan da. Cacereñok aurrerapausua eman du eta atea eibartarra zulatzeko abagunea izan du Alex Garcíak. Yoelek geldiketa dotorea egin du hori ekiditeko.

Bigarren zatian, armaginek ez dute aurkako atearen bidea aurkitu. Cacereño ederki moldatu da defentsa lanetan eta denborak aurrera egin ahala, konfiantzaz bete dira etxekoak. Kontraerasora irteten saiatu dira birritan eta 66. minutuan, zelairatu berri zen Marcos Torresek etxekoen gola egin du buruz.

Eibartarrentzat kolpe latza izan bada ere, ez diote lehiari aurpegia galdu eta lanean jarraitu dute. Hala, 78. minutuan, Pedro Leónek area kanpotik egindako jaurtiketa eder batez berdinketa eskuratu dute Mendilibarren mutilek. Neuketa amaieran, arauzko denbora berdinketarekin amaituko zela zirudienean, armaginen garaipenaren gola iritsi da. Zorigaiztoko jokaldian, Delgado atzelariak bere atean sartu du Orellanaren erdiraketa eta hori dela eta, Eibarrek aurrera egin du Errege Kopan.