Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek hiru puntu eskuratu ditu nagusi izan den partiduan

Sportingek armaginak estutu ditu azkenean, baina gorriurdinen garaipena ez da arriskuan izan

Eibarrek oso puntu garrantzitsuak lortu ditu gaur El Molinonen Sporting de Gijonen aurka. Armaginek 2-3 irabazi dute nagusi izan diren partiduan.

Mendilibarren taldeak hasieratik hartu du partiduaren iniziatiba eta lehen gola 4. minutuan heldu da Lillok Adriani egindako penaltian madrildarrak Cuellar engainatuz.

Pixka bat geroago, 9. minutuan, Sportingek kanpotarren abantaila neutralizatu du zorte txarreko jokaldian. Urruntzera zihoanean Riesgok laban egin eta Carmonak baloia jaso ostean ez du barkatu.

Golak ez du Eibarren fede eta kemena uxatu, nagusi izaten jarraitu duelako, zelai erdiaren kontrol osoarekin eta erasora irteteko aukerak ematen zizkion baloiak lapurtuz.

  1. minutuan Adrianek Pedro Leonek eskuinetik ateratako falta buruz errematatu du.

Hiru minutu geroago, Adrian berak area kanpotik jaurti eta, Cuellarrek baloia uxatu ostean, hau Pedro Leonen hanketara heldu da gola lortzeko aukera emanez.

Pixka bat geroago, 23. minutuan, Eibarrek abantaila handitu du antzeko jokaldi batean. Adrianek area kanpotik jaurti, Cuellarrek baloia uxatu eta atzetik zetorren Antonio Luna Sportingeko defentsari aurreratu eta hurbiletik gola sartu ahal izan du.

Armaginak argi eta garbi partiduan nagusi ziren eta etxekoek ezin zuten ezer egin gorriurdinen jokoaren aurrean.

  1. minutuan ezker belaunean mina zuen Asier Riesgok zelaia utzi behar izan du eta Yoel sartu da.

Bigarren zatian Eibarrek ere nagusitasuna erakutsi du eta abantaila handituko zuen Inuik eta Enrichek 49. eta 50. minutuetan, hurrenez hurren, izan dituzten aukeretan golak sartuko balituzte.

  1. minutuan, ordea, zorte txarra izan da berriz Eibarren aldean. Nacho Casesen jaurtiketa batek Sportingen beste jokalari batean jo eta Yoelen atean sartu da.

Golaren ostean, Sporting gora joan da eta gehiago arriskatu du berdinketaren bila. Eibar ordenarekin defendatu da eta kontraerasoan partiduari epaia ematen saiatu da etxekoen kemenaren aurrean.

Azken minutura arte armaginen aldean sufrimendu egon bada ere markagailuko abantaila motzaren ondorioz, Mendilibarren mutilek ez dute aukerarik sortzen utzi eta hiru puntu gehiago lortu dituzte. Orain 26 puntu dauzka Eibarrek, jaitsiera postuetatik 14 puntutara.