Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Gironaren aurkako garaipen handi batekin agurtu du urtea (4-1)

Charlesek, Jordanek eta Inuik (birritan) egin dituzte armaginen golak

Eibarrek garaipen handia lortu du Gironaren aurka Ligako 17. jardunaldian, eta sasoiko dagoela agerian utzi du berriz ere, urtea agurtzeko inoiz Ligan lortutako puntu gehien eskuratuz.   

Neurketak erritmo bizia izan du hastapenean. Aurreneko minutura iritsi aurretik Inuik aurretik jarri ditu armaginak, jaurtiketa zehatz baten bidez.

Hamar minutu beranduago Charlesek arratsaldeko bigarrena egin du. Inuiz orpoz Coteri pasea eman, eta honen erdiraketa bikaina ezkerrez sareetara bidali du aurrelari portugaldarrak. 

Hala ere, Gironak ez du amore eman, eta Timorren bitartez aldea murrizteko gai izan da. Gironako erdilariak maisuki bota du falta jaurtiketa, eta Dmitrovicek ezin izan du ezer egin. Atsedenaldira, beraz, 2-1koarekin iritsi dira talde biak. 

Bigarrenean, Girona berdinketaren bila zelairatu da, baina Eibar izan da aldeak handitu dituena. Charlesek balioa lapurtu, Kikeri eman, eta honen jaurtiketa bortitza Bonok geratu eta gero Inuik ez du barkatu aldaratzean, bere taldearentzat hirugarrena eginez. 

Hortik aurrera armaginak jaun eta jabe izan dira, eta laugarrena egiteko abilezia izan dute, Jordanen bidez Peñarekin jokaldi bikaina baten ostean.