Skip to main content
EU
Lehen Emakumezkoen Taldea

Eibarrek garaipena lortu du lehenengo jardunaldiko Gipuzkoako derbian Mariñoren aurka

Armaginek Ainhoa Alonsok bigarren zatian sartutako gol bati esker irabazi zuten

Eibarrek 1-0 irabazi zion Mariñori Gipuzkoako derbian, Ainhoa Alonsok bigarren zatiko lehenengo minutuetan egindako golari esker. Denboraldi hasierako neurketa tipikoa izan zen, non bistan gelditu zen bi taldeek erritmoa hartzen jarraitu behar dutela emakumezkoen Bigarren Mailan euren bertsiorik onena emateko.

Unben jokaturiko partidan, jokalariek aurkari berria izan zuten: beroa.

Armaginak gogotsu zelairatu ziren, partidaren bila, eta lehenengo minutuetan hainbat abagune izan zituzten. Horietatik argiena Ainhoa Alonsorentzat izan zen, baina atezainak baloia kornerrera urrundu zuen.

Kanpoko taldeari dagokionez, euren aukerarik argiena eibartarrek galdutako baloi baten ostean iritsi zen. Iratxe atezainak, ordea, zailtasunik gabe gelditu zuen baloia.

Handik eta minutu gutxira, Marrek antzeko jokaldi bat izan zuen armaginentzako, baina atezainaren gorputzera bidali zuen pilota eta, gero, Marrek berriz ere, langa gainetik jaurti zuen.

Atsedenaldira joan baino lehen, etxekoek partiduko aukera garbienetako bat izan zuten. Mar, Irati Uriarte eta Estik ondo konbinatu ostean, Estiren errematea langarekin egin zuen topo.

Mariñok kontraerasoan jokaldi arriskutsuren bat sortu zuen, armaginek baloia galdu eta gero, baina ondorio larririk gabe.

Aldageletatik bueltatzean, Eibarrek txipa aldatu zuen eta irudi hobea eskaini zuen. Horrela, bigarren zatia hasi bezain laster, Sarak falta jaurtiketa bat langa gainetik bidali zuen eta Ainhoa Alonsok atezaina ustekabean harrapatzen saiatu zen zentro txut batekin.

51.minutuan Ainhoa Alonsoren gola iritsi zen. Olatzek pase luzea bidali eta honek, baloia kontrolatu eta bikain errematatu zuen Irungo atezaina gainditzeko.

Armaginek neurketa kontrolatzen eta aukerak sortzen jarraitu zuten. Norgehiagokaren azkeneko minutuetan lasai ibili ziren, baloiaren jabetza mantenduz, baina nekea eta beroaren ondorioz, ez ziren ate aurrean fin ibili eta ezin izan zuten emaitza handitu. Luzapenean, hutsegite berri baten ondorioz berdintzeko aukera izan zuen Irungo taldeak, baina jaurtiketa Iratxeren atetik urrun bidali zuten.

SD Eibar: Iratxe; Naiara, Olatz, Alaitz, Esti, Larrus (Oihane, min 70), Melani (Maitane, min  35), Alonso, Sara, Irati (Usoa, min 62) eta Mar (Haizea Lomba, min 67).

Mariño KE: Laura G; Arantxa, Udane, Lide, Ane, Lara, Erkuden, Laura (Marina, min 58), Uxue, Gorbea eta Aneto (Andrea, min 82).

Gola: 1-0: Min 51, Ainhoa Alonso.