Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek garaipen historikoa lortu du Real Madrilen aurka (3-0)

Armaginek Europako txapelduna hartu dute mendean norgehiagoka borobila egin eta gero

Eibarrek garaipena eskuratu du Real Madrilen aurka arratsalde historikoan. Mendilibarren mutilek 3-0 gainditu dute talde zuria Ligako hamahirugarren jardunaldian. Eibartarrak gehiago izan dira hasieratik bukaerara eta egungo Europako txapelduna jipoitu dute neurketa borobila burutu eta gero. Escalante, Enrich eta Kike García izan dira arratsaldeko magiko honetako golegileak.

Taldeak erritmo bizia ezarri dio lehiari hasieratik eta ohiko jokoa eginez Real Madrilen area ertzera iritsi da maiztasunarekin. Lehen abagune garbia laster iritisi da. Kike Garcíak Courtois aurreratua ikusi eta baloia loratzen saiatu da baina bere jaurtiketa zutoinean jo du.

Lehen minutuetako indar berdinarekin jarraitu dute Mendilibarrenek hurrengo minutuetan, eta lehen gola ordu laurdena bete denean iritsi da. Cucurellak ederki gidatu du armaginen kontraerasoa eta Courtoisek Kikeren lehen errematea gelditu badu ere, Escalantek aldaratzea sare barrura bidali du. Epaileak, ordea, baliorik gabe utzi du gola hasieran baina VAR teknologiak ontzat eman du ostera.

Bigarren zatian, Eibarrek erasora jarraitu du. Real Madril ezinean zebilen eta etxekoak horri etekina ateratzen saiatu dira. Horrela, bigarren gola iritsi da. Cucurellak jokaldi ederra egin du ezker hegaletik. Bere erdiraketa Enrichek jaso du eta jaurtiketa gurutzatua eginez Courtois gainditu du aurrelariak.

Minutu batzuk beranduago hirugarrena iritsi da. Oraingo honetan Kike García izan da golegileak. Cuencako aurrelariak aldaratzea jaso du area barruan eta bitan pentsatu gabe zartakoa eman dio baloiari Ipuruan bildu diren zaleen zoramenerako. Ostera Eibarrek gol festa borobiltzeko aukera gehiago izan ditu. Baina amaieran markagailua ez da mugitu. Garaipen hisotirkoa lortu du Eibarrek Europako txapeldunaren aurka.