Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek futbola egin zuen, baina hiru puntuak Sportingek eraman zituen

Sportingek bi gol egin zituen, izan zituen bi gol-aukera bakarretan

Eibar nagusi izan zen eta emaitza hobea merezi izan zuen El Molinón futbol-zelaian, baina Sporting zinez eraginkorra izan zen eta bi gol sartu zituen partidu guztian sortu zituen bi gol-aukera bakarretan, eta horrela jaitsiera saihesteko borrokan garrantzi izugarria izango duten hiru puntu eskuratu zituen.

Hasiera-hasieratik ondo sartu ziren zelaian armaginak eta jokoan hobeto ibili ziren, gora iristeko eta aukera garbiak sortzeko arazoak zituzten arren.

Jotak 0-1ekoa egiteko aukera paregabea izan zuen 20. minutuan, banako jokaldi bikain baten ostean Cuéllarren aurrean bakarrik gelditu eta gero, baina jaurtiketa ez zuen ondo kokatu eta atezainak baloia gelditu zuen.

Jotak gola bere oinetan izan zuen berriz ere 35. minutuan, baina Cuéllarrek baloia kornerrera desbideratzea lortu zuen buruz burukoan.

Lehen zatiaren amaiera hurbiltzen ari zen 0-0arekin eta, jokaldi isolatu batean, 43. minutuan, Carmonak baloia sarera buruz bidali zuen Jonyren erdiraketa on baten ondoren.

Bigarren zatian, hasiera dudatsu baten ostean, Eibarrek jokoaren nagusitasuna eskuratu zuen berriz ere, modu argian iristea falta zitzaion arren.

Enrichek berdintzeko aukera zuen 71. minutuan, partiduko aukerarik argienean, baina area kanpotik egin zuen jaurtiketa onak zutoina jo zuen Cuéllarrek baloia desbideratu eta gero. Baloia gol-marraren ondotik paseatu zen baina ez zen ate barrura sartu.

Eibar saiatu eta saiatu ari zen, baina Sportingek partidua erabakita utzi zuen 82. minutuan, Jonyk kontraeraso baten ondoren egin zuen golari esker.

Inuik sartu eta epaileak baliogabetu zuen gol bat eta Borjak jaurti eta Cuéllarrek gelditu zuen jaurtiketa on bat izan ziren Eibarrek aldea murrizteko izan zituen azken aukerak.

Partiduko albisterik gozoena 85. minutuan heldu zen, Ander Gayoso harrobiko jokalariaren Lehen Mailako debutarekin. Horrela, merezitako saria jaso zuen gazteak, denboraldiko lehen hilabeteetan lesionatuta egon eta gero.