Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek futbol onena ipini du eta Atletico eraginkorragoa izan da

Armaginek 0-2 galdu dute fase askotan mendean izan duen partidua

SD Eibarrek 0-2 galdu du Atletico de Madriden aurka. Armaginek futbol onena ipini dute eta kanpokoak eraginkorragoak izan dira euren joari esker hiru puntu eramanez.

Eibar intonatuta aritu da hasieratik, partiduaren jabe eta baloia alde batetik bestera mugituz.

Armaginen presio handiak ez die utzi Atleticoko jokalariei euren jokoa egiten, eskuak lotuta eta Yoelen atera hurbildu ezinik sentituz.

Mendilibarren taldearen nagusitasuna ez da markagailuan islatu Atleticoko defentsa onari esker, ez baitzuen zirrikiturik uzten.

Atsedenaldia heltzear zela, 43. minutuan, Capak Sergi Enrichi baloia pasa eta honek ezin izan du baloia kontrolatu Moyaren atetik metro gutxi batzuetara zegoenean.

Bigarren zatiaren hasieran Eibarrek partiduaren kontrola izaten jarraitu du, baina Simeoneren mutilak izan dira euren lehen aukeran markagailuan aurrea hartzea lortu dutenak.

Korner baten ostean, Filipe Luisen erdiraketa sarera errematatu du Saul Ñiguezek. 53. minutua zen.

Eibartarrek erreakzionatu eta azeleragailua zapaldu dute. 68. eta 71. minutuen artean baloia ia ez da Atletico de Madriden zelaitik irten eta Moyaren area inguruan jokatu da neurketa. Armaginek, hala ere, ez dute zorterik izan, Pedro Leonek jaurti eta kanpora joan den erremate batean bezala.

Pixka bat geroago, 74. minutuan, iritsi da epaia. Gameiro eskuin hegaletik pasea eman eta Griezmannek atetik metro gutxitara sarera errematatu du.

Armaginek ez dute etsi, baina ordurako Atletico de Madrid sendo aritu da defentsan eta ez du aukerarik utzi. Hala ere, Nano Mesa gola sartzeko hurbil izan da Beberen pasearen ostean, baina ez da gutxigatik errematatzera iritsi.

Eibar Atleticoren aurka emaitza positiboa lortzeko zorian izan da. Baina madrildarrek sendotasun defentsiboa erakutsi dute eta gola sartzeko duten gaitasuna nahikoa izan da Ipuruan garaipena lortzeko.

Partidu hasieran minutuko isilunea gorde da Ibon Areitio Oyarzun urte askotan zehar Eibarren delegatu eta kontseilari izandakoaren omenez.