Eibarrek Euskal Herria Kopa irabazi du
Malen Urangaren gol bakarrak garaipena eman dio talde armaginari Realaren aurka Dulantzin
Eibarrek Euskal Herria Kopa irabazi du hamabost ediziotan bizi duen lehen finalean. Ez zuen Eibarrek lan erraza igande goiz honetan, Real Sociedaden aurka finalean. Partidak eskatzen zuen maila altuaren aurrean, Eibar sendo agertu da defentsan eta zortea ere bere alde egon da. Eibarren aukera argiena gol bihurtuta, partida bere alde erori da. Hala ere, bi taldeek aukera gehiago izan dituzte aurretik.
Reala finalera taldean baja garrantzitsu batzuk zituela iritsi da, tartean Edna, txuri-urdinen erasoan arrisku handienetakoa. Eibarren aldetik, Goikok ia talde osoa zuen eskura, Carmen Álvarez eta Adela Rico izan ezik.
Malen Urangaren gol bakarrak eman dio garaipena Eibarri, gol hori gabe taldeak deja vu bat biziko zuen, Athletic Cluben aurkako finalerdian gertatu bezala, beste penalti sorta bat jokatu beharko zuelako. Gola lehen zatian iritsi da, dena erabakitzeke zegoela eta Realak Laura Martíren porteria hainbat aldiz mehatxatzen. Realak hainbat aukera izan ditu, Intzaren eta Lucía Pardoren bitartez, azken hau Gararentzat ia amesgaizto bihurtuta. Hala ere, nafarrak partida bikaina egin du berriro, aurredenboraldi osoan egin duen moduan.
Mireia Masegur eta Carla Andrés ere izen propio garrantzitsuak izan dira gaur goizean Dulantzin, markagailuan arriskua ekar zezakeen edozein baloi urrundu dutelarik. Gaur egindako partida bikainak, eta denboraldi-aurre osoan egindako lan handiak, Mireiari MVP saria irabaztea ekarri diote hamabosgarren edizio honetan.
Partidaren azken zatia luze egin zaio Eibarri, Realak markagailua berdintzen saiatzeari utzi ez diolako. Izan ere, Ceciliak berdinketa lortu du, baina gola baliogabetu egin dute jokoz kanpo zegoelako. Ez da dena defendatzea izan Eibarrentzat, Sarak Martínen bitartez ere bigarrena egoteko zorian egon baita talde armagina.
Aurredenboraldi gogor eta esigentzia handiko bati amaiera gozoa eman ahal izan dio taldeak, ligako lehen jardunaldiari bide emateko. Liga F denboraldia Eibarrentzat etxean hasiko da, Sevillaren aurka, datorren igandean, 31n (12:00etan).