Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Celtaren aurka galdu du (2-0)

Lehen zati ona egin arren, armaginek ez dute asmatu atea aurrean eta hutsik itzuli dira Vigotik

Eibarrek Celtaren aurka galdu du Ligako hogeita bosgarren jardunaldian, alternatibaz beteriko neurketa irekian. Armaginek lehen zati ona egin duten arren, ez dituzte izandako abaguneak sareratu eta bigarren zatian hobea izan den Celtaren aurka erori dira. Aspasen eta Maxi Gomezen golak erabaki dute lehia etxekoen alde.

Mendilibarren mutilek biziki ekin diote norgehiagokari. Eibartarrek ohiko jokoa egin dute lehen minutuetan, betiko goi presioa eginez eta kontrako areara maiztasunarekin iritsiz. Jordanek partiduko lehen aukera garbia izan du hamaikagarren minutuan, baina bere jaurtiketa Rubenek gelditu du maisuki.

Ekin eta ekin ibili da taldea lehen zatian. Zazpi korner jaurti ditu gainera. Celta, aldiz, denbora aurrera joan ahala ,neurria hartzen joan zaio lehiari eta Maxiren abisu baten ondoren, Sistok izan du galiziarren abagunerik garbiena. Paulo berehala erantzun du korner batean eta atsedenaldirako bi minutu falta zirela, Inui Eibar aurretik jartzek abagune bikaina izan du. Japoniarrak, ordea, ez du asmatu Coteren erdiraketa sare barrura bidaltzen.

Bigarren zatian , Celta garaipenaren bila atera da konbentzimendu osoz, eta hamar minutu eta gero, aurretik jartzea lortu du Aspasen gol bati esker. Harrobiko jokalariak ondo errematatu du esker hegaletik jarritako erdiraketa. Inui berdinketa lortu ahal izan du berehala, baina bere errematea gora joan da berriro ere.

Eibar bultza eta bultza, berdinketaren golaren bila ibili da harrez gero. Jokalari berrien sarrerarekin aurkariaren areara iristen saiatu da. Pedro Leónek, ia bederatzi hilabeteren ondoren, elastiko armagina jantzi du. Baina Maxi Gomez bere itzulera zapuzten ahalegindu da eta kontraeraso baten ondoren, uruguaiarrak ez du hutsik egin Dmitrovicen aurrean, arratsaldeko bigarrena eginez.

Gogotik saiatu badira ere, eibartarrek ezin izan dute Rubenek defenditutako atea zulatzerik izan eta amaieran, hiru puntuak Vigon gelditu dira.