Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek bolada txarra eten du San Mamesen puntu bat eskuratuta

Kike Garciak berdinketaren gola sartu du

Eibarrek bana berdindu du Athleticen aurka Ligako 28. jardunaldian. Armaginek bolada txarra eten dute euskal derbian puntu bat eskuratu eta gero. Etxekoak azkar aurreratu dira markagailuan, baina presio lan onaren ondorioz, taldeak neurketa berdintzea lortu du, Kike Garciaren eskutik.

Yurik aldapa gora jarri du norgehiagoka 8. minutuan. Ezker atzelariak boleaz bukatu du eskuin hegaletik jasotako erdiraketa. Hala ere, Mendilibarren mutilek ez diote aurpegia galdu neurketari eta erreakzionatzen jakin dute. Armaginek aurkariaren baloiaren irteeran egindako presioak berdinketa eragin du. Kike Garciak eta Bryanek egindako presioaren ondorioz, aurrelariak Unai Lopezi baloi lapurtu dio eta Unai Simon gainditzea lortu du.

Une horretatik aurrera, Eibarrek baloia kontrolpean izan du eta minutu onak batu ditu. Bryan Gilek errenta handitzeko aukera izan du lehen zatiaren amaieran, baina errematea horzka eginda atera zaio.

Bigarren zatian, lehoiek beste martxa bat sartu dute bigarrenaren bila. Dmitrovic erabakigarria izan da beste behin De Marcosen erremate arriskutsua saihesteko. Eibartarrak hustu egin dira arriskua euren atetik urruntzeko eta defentsan lan handia egin dute. Gauzak horrela, puntu bat ekartzea lortu dute San Mamesetik helburua lortzeko lehian jarraitzeko.