Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Betisen aurka galdu du (2-0)

Armaginek ez dute punturik urratzerik izan Benito Villaramarinen

Eibarrek Betisen aurka galdu du Ligako 31. jardunaldian. Neurketa goiz jarri da maldan gora Sergio Leonek egindako golari esker. Etxekoek zuhurtziaz jokatu dute norgehiagoka osoan zehar eta ate aurrean erakutsitako eraginkortasuna dela medio, hiru puntuak eskuratu dituzte. Izan ere, bigarren zatia hasi eta berehala, talde sevilarrak bigarrena egin du eta markagailua iraultzeko esperantza xahutu dute.

Armaginek baina, lehia hasiera ona egin dute. Betisen baloi irteera biziki presionatu dute eta hori dela eta, baloiaren jabetza eibartarrena izan da. Mendilibarren mutilek partidaren kontrola izan dute eta bere ohiko jokoa egiten ahalegindu dira. Aurkariek, aldiz, beren aukera itxaron dute kontraerasoan. Horrela, 21. Minutuan, etxekoek arratsaldeko lehen gola egin dute. Barraganek Sergio Leónekin jokatu du sakontasunean eta honek Dmitrovic gainditu du maisuki.

Eibar erreakzionatzen ahalegindu da eta handik gutxira, abagune garbia izan du berdinketa egiteko. Ramisek bikain burukatu du Pedro Leónek eskuin hegaletik jarritako falta, baina Giménez adi egon da baloia kornerrera bidaltzeko. Lehen zatian zehar, taldea aurkako area ingurura hurbildu da maiztasunez, nahiz eta ez duen aukera garbi gehiagorik izan.

Bigarren zatia hasi eta berehala, ordea, Betisek markagailua iraultzeko esperantzarekin amaitu du. Laugarren minutuan arratsaldeko bigarrena egin dute, zoritxarrezko jokaldian. Izan ere, Arbillak bere atean sartu du Barraganek area barruan eginiko erdiraketa. Lehia oso zaila jarri den arren, taldeak ez du amorerik eman eta markagailua murrizteko lanean jarraitu du.

Etxekoak, baina, ederki ibili dira. Denborarekin baloiaren jabetzarekin egin dira eta Eibarren area ingurura iritsi dira. Gainera, hirugarrena egiteko hainbat abagune izan dituzte, Rubén Castroren bitartez, besteak beste. Baina lehia bukaeran, markagailua ez da gehiago mugitu