Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek bere hasiera txarra ordaindu du

Lehen 30 minutuetan 3 gol sartuta erabaki du partidua Madrilek

Eibarrek bere hasiera kaskarra ordaindu du eta gol asko jaso ditu Real Madrilen eskutik. Madrildarrek hiru gol sartu dituzte lehen 30 minutuetan eta, modu honetan, partidua erabakita utzi dute.

Armaginek ohikoa den bizitasun baino gutxiagorekin hasi dute partidua, eta Real Madrilek hori aprobetxatu du baloia ukitu eta arrisku handiko jokaldiak sortzeko.

  1. minutuan Karim Benzemak Jamesen pasea jaso du eskumatik eta bere jaurtiketa Yoelek geratu du, baina aldaratzea frantziarraren hanketara heldu da eta lehen gola sartu zurientzat.

Hamaika minutu geroago, Benzema berak Jamesen falta batean eibartarren akatsa aprobetxatu du bigarrena lortzeko. Eta 29. minutuan rolak aldatu eta James Rodriguez izan da Benzemaren pasearen ostean gola lortu duena.

Mendilibarren taldea gaindituta eta defentsan sendo, zelai erdian nagusi eta hegaletan azkar aritu den Real Madril gelditu ezinik sentitu da.

Bigarren zatian tentu eta bizitasun gehiagorekin irten da Eibar eta partiduan nagusitzen joan da. Zidanen taldea, bestetik, atzealdean batu da eta kontraerasoak bilatu ditu.

Horrelako akzio batean, 60. minutuan, Jamesek Marco Asensioren baloi on bat jaso du eta zutoinera bidali du bere jaurtiketa. Aldaratzea Asensio berak jaso du eta 0-4 jarri du markagailuan.

Eibarrek gola bilatzen jarraitu du, eta 68. minutuan heltzear egon da Sergi Enrichek ate aurrean errematatu ostean, baina Keylor Navasek ondo geratu du. Baloia Mauro Dos Santosi iritsi zaio, honek ukitu eta Gonzalo Escalantek sarera bidali du, baina jokoz kanpo.

Armaginek ez zuten esku hutsik joan nahi eta helburu txikia lortu dute 72. minutuan. Ruben Peñak aurrea hartu dio markatzaileari eta Pedro Leonek eskumatik bidalitako pasea golera bidali du. Avilakoak La Ligan lortzen duen lehen gola da eta Eibar Real Madrili Ipuruan goi-mailan sartzen dion lehena.

Ipuruak ez du jasotako golek Eibarren denboraldi ona zikintzen utzi eta animatzen jarraitu du amaierara arte, taldeak duen meritu handiaz jabetuz, nahiz eta gaur egun ona ez izan.

Talde armaginak atsedenerako hiru egun izango ditu orain eta asteazkenean bueltatuko da lanera hilaren 13an, astelehena, Osasunaren aurka Iruñean jokatuko den partidua prestatzeko.