Eibarrek bat eta huts galdu du Alcorconen aurka
Chikik partidako lehen minutuetan sartutako golak garaipena eman dio etxeko taldeari
Eibar ondo sartu da neurketara eta 5. minutuan lehen gol aukera izan du Tejerok area kanpotik egindako jaurtiketa baten bitartez. Hala ere, handik gutxira, Chikik Alcorcon aurreratu du talde madrildarrak lehen zatian sortutako arrisku aukera gutxietako batean.
Joseba Etxeberriaren mutilek lanean jarraitu dute berdinketaren bila eta handik gutxira Bautistak lehia berdintzeko aukera izan du, baina berriz ere Anackerrek Eibarren gola eragotzi du baloia kostata aldenduz. Horretan jarraitu du Eibarrek, behin eta berriz Alcorcon indartsu batekin topo eginez.
Bigarren zatian, Joseba Etxeberriaren taldea partidaren kontrola hartzen saiatu da berdinketaren gola egiteko. Armaginek partida berdintzeko ahalegina egin duten arren, ez dute arrisku aukera argirik sortu. Eibarrek ia bigarren zati osoa aurkariaren zelaian jokatu du, baina ate aurrean ez du zorterik izan.
Chikik partidako lehen minutuetan sartutako gola dela eta, Eibarrek ezin izan du punturik lortu Madrilera egindako bisitan, eta Joseba Etxeberriaren mutilek asteazkenean Sportingen aurka jokatuko dute.