Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek Bartzelonaren aurka galdu du (0-3)

Armaginek ezin izan diote eutsi kataluniarren erritmoari

Eibarrek Bartzelonaren aurka galdu du Ligako bederatzigarren jardunaldian. Armaginek ezin izan dituzte kataluniarren erasoak geldiarazi eta beren laugarren porrota jaso dute Ipuruan jokatutako partidan. Lehia berdintzetik gertu egon diren arren, bigarren zatian martxa bat gehiago sartu diote aurkariek eta errenta handitzea lortu dute, amaierarako huts eta hirua lortuz.

Norgehiagoka lehen minutuetan maldan gora jarri da. Izan ere, hamahirugarren minutuan Griezmannek baloi luze batez baliatu da lehena egiteko. Dmitrovicek jaurtiketa ikutu badu ere, ez da nahikoa izan desbideratzeko eta zutoinean jo ondoren, sare baruan bukatu du baloiak. Gola jaso arren, armaginak Ter Stegenen ate ingurura iristen saiatu dira, baita gertu egon ere. Baina hegaletatik egindako erdiraketek ez dute errematatzailerik aurkitu.

Bigarren zatian, kanpoko taldeak goikaldean duen kalitateari etekina atera dio eta hamar minutuetan partida erabakita utzi du. Lehenik, Messik ederki gurutzatu du Suárez emandako pasea; eta ondoren, uruguaiarrak argentinarrari itzuli dio mesedea Dmitrovic gainditu ahal izateko.

Bihotzarekin buruarekin baino, taldea markagailuan hurbiltzen saiatu da norgehiagokako azken minutuetan. Kataluniarrak, ordea, eroso sentitu dira arlo defentsiboan eta armaginen abaguneak bertan behera utzi dituzte.