Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek aurpegia eman du, baina Atleticoren eraginkortasunaren aurka jausi da

Etxekoek partidua amaitzea eskatzen bukatu zuten neurketa

Eibarrek 1-0 galdu du Atletico de Madriden kontra. Armaginek aurpegia eman dute, baina ezin izan dute punturik atera etxeko taldearen eraginkortasunaren aurka.

Saul Ñiguezek 69. minutuan sartutako golak garaipena eman die koltxoneroei, baina ordua eskatzen amaitu dute partiduan aurrera egin duen Eibarren aurka. Porrot honekin, Eibarrek ez dauka zazpigarren postuan amaitzeko aukerarik.

Eibar ondo sartu da partiduan eta bere erritmoa ezarri du Yoelen atera iristen ez zen taldearen aurka.

Gutxika, etxekoek metroak irabazi dituzte eta aukeraren bat sortu dute, baina jokoan nagusi izan gabe.

Bigarren zatian bide beretik jarraitu du neurketak, zelai erdialdean joko askorekin eta areara gutxi iritsiz. Atleticok, hala ere, aukera gutxi horien artean bere gol aurkitu du. Saulek ezkerkada jaurtik du eta Yoelek ezin izan du baloia geratu, nahiz eta ondo aritu izan den partidu osoan zehar.

Golaren ostean, Simeoneren taldeak metro batzuk atzera egin ditu eta abantailari eutsi eta kontraerasora irteteko asmoa erakutsi du.

Mendilibarren mutilek, ostera, gehiago arriskatu dute. Armaginak nagusi izan dira jokoan eta horrela izan da partidu amaierara arte.

  1. minutuan, Gonzalo Escalantek posizio onean errematatu du Pedro Leonek ezkerretik bidalitako baloia, baina Oblakek ondo geratu du.
  2. minutuan, bestetik, Sergi Enrichek baloia David Juncari utzi eta, berdinketaren gola zetorrela ematen zuenean, baloiak Tiagoren gorputzean jo du.

Armaginak 8. postuan mantentzen dira eta partidu ona jokatu duten pozarekin bueltatzen dira Eibarrera, baina egindako esfortzuak punturik lortzeko balio izan ez duen tristurarekin.