Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibarrek aise menderatu du Betis gau magiko batean

Armaginek Lehen Mailan lortutako garaipen handiena erdietsi dute

Eibar 5-0 nagusitu da Real Betisen aurka Ligako 12. jardunaldian gau magiko batean. Garaipen honi esker, gainera, armaginek Lehen Mailan lortutako garaipen handiena erdietsi dute.  

Talde armaginak bikain hasi du neurketa, aurkariaren baloi irteera oztopatu eta presio oso altua eginez. Hala, 6. minutuan Enrichek gaueko aurrenekoa eskuratu du, Inuik egindako erdiraketa bikaina ondo baliatuz.

Betisek baloi jabetza izan duen arren, Eibar serio jardun da baloirik gabe, eta sevillarren akatsak behartu ditu. Era horretan iritsi da norgehiagokako bigarren gola, Escalanteren burukada bati esker. Atsedenaldira 2-0koarekin iritsi dira. 

Bigarren zatian Eibarko jokalariek sevillarren atzelarien bizkarra bilatu dute, eta horrela iritsi da aldeko penaltia eta Mandiren txartel gorria. Charlesek hamaika metroetatik asmatu eta 3-0koa jarri du. 

Hortik aurrera oraindik eta nagusiago izan da talde armagina. 70. minutuan Charlesek laugarrena egin du, bere bigarrena, Alejok eskuinetik egindako erdiraketari esker. Hamar minutu beranduago, Enrichek gaueko bosgarrena egin du, antzeko jokaldi batean.