
Eibarrek abantaila hartzen du Gijonen
Armaginek 1-2 irabazi dute Errege Kopako final hamaseirenetako joaneko partiduan
Eibarrek abantailarekin ekingo dio abenduaren 21ean Ipuruan jokatuko duen Errege Kopako final hamaseirenetako itzuliko partiduari Molinonen Sportingi 1-2 irabazi ostean.
Chapecoense talde brasildarraren hegazkin istripuak futbolaren mundua kolpatu zuen egunean, armaginek modu onean hasi zuten Errege Kopako ibilbidea.
Laster jarri zitzaizkion alde gauzak Eibarri. Aurreneko minutua zen taldeak eskuin aldetik jokaldi polita egin, Nano errematatzen saiatu eta, baloia solte geratu ostean, Bebék jaso eta zutoinean jo ondoren sareratzen zuenean.
Armaginen golak asturiarrak kolpatu zituen eta Eibar itzulerako partidurako lasaitasun gehiago emango zion sari gehiagoren bila joan zen gora. Lehen zatia gorri-urdinena izan zen joko eta aukeretan, baina Sportingek berdindu ahal izan zuen penalti jaurtiketa baten bitartez. Yoel, hala ere, ez zegoen horretarako prest eta gelditu bikain batekin asturiarren abagunea ezerezean utzi zuen.
Bigarren zatian Sporting gora joan zen eta, hainbat aukera eduki ostean, Viguerak gola sartu zuen eskuin hegaletik Eibarko jokalari ohi Lilloren erdiraketa errematatzean. Berdinketak Sporting animatu zuen, baina Eibar ernatu zuen baita ere.
Talde biek berdinketa baino gehiago nahi zutela erakutsi zuten eta hainbat aukera egon ziren ate bien aurrean. Yoel izugarri batek Eibarren atea gol gehiago jaso gabe mantendu zuen, baina talde armaginak bai lortu zuen sari potoloa.
Partidua amaitzeko bi minutu falta zirela, Juncàk erdiraketa neurtua jarri eta atzetik zetorren Rubén Peñak baloia sarera bidaltzen zuen markagailuan 1-2 ipintzeko. Itzulerako partidura begira Eibarri abantaila ematen dion emaitza.