Skip to main content
Lehen Taldea

Eibar zoragarri batek Granada jipoitu eta seigarren jarraitzen du

Inuik gol bat eta Sergik eta Borjak bina sartu ostean, 33 punturekin kokatzen da Eibar 20. jardunaldia bukatu ondoren

There are no reactions yet. Be the first!

Marka guztiak hausten ari den Eibar paregabe batek golak egiteko erraztasun izugarria erakutsi eta bere historian Lehen Mailan lorturiko garaipenik handiena erdietsi du Granadaren aurka (duela bi asteko Sevillaren aurkako 0-4koarekin batera).

5-1ekoa sari ezin hobea izan da Ipuruara hurbildu diren 4.215 ikusleentzat. Izan ere, gol eta joko erakustaldiaz gozatu ondoren, pozarren eta ahozabalik geratu dira. 

Neurketaren hasiera nahasia izan da. Granadak bere armak atera eta area blindatzeko helburuz hegalak oztopatzen saiatu da, hori baita Mendilibarren taldearen erasoko baliabide nagusia.

Lehenengo zatia 0-0ean amaituko zela zirudien eta orduan, Keko Gontánek Granadako defentsa hautsi du birritan, bere taldearen garaipena bideratuta uzteko. 35. minutuan Inuiri ezkerretik egin dio pasea eta japoniarrak bigarren zutoinetik sartu eta sare barrura bidali du baloia. 37. minutuan Sergi Enrichek, Kekoren erdiraketa baliatu eta Andrés gainditu du.

Granadak hegaletan hainbeste arreta jarri arren, hortik heltzen ziren gol armaginak.

Norgehiagoka kontrolpean zuen Eibarrek bigarren zatian, baina, defentsaren lehen hutsegitean (eta partidako bakarra) El Arabik aldea murriztu du Riesgo atetik kanpo zegoela baliatuz, 65. minutuan. Zalantzak iritsi dira orduan Ipuruara.

Dena den, bolada onean zaudenean dena ateratzen da ondo eta hiru minutu baino ez ditu behar izan Eibarrek, berriz ere markagailuan aurreratzeko. Borjak Sergi Enricheri pasea egin eta Balearretakoak bere bigarren gola egin du 68. minutuan. Area ertzetik jaurtiketa egin eta baloia zutoinetik gertu sartu du.

Gol horrek guztiz hautsi Granadaren trinkotasuna eta, ondorioz, behin eta berriro kontrako atea bilatzen zuen Eibar arriskutsua ageri zaigu. 73. minutuan, Borja Bastónek Kekoren jaurtiketa baten ondoren aldaratutako baloia jaso eta zartako bortitz batez 4-1ekoa egin zuen. Handik bost minutura, berriro ere Borjak (hamabi gol daramatza jada ligan) Sergi Enrichek ezkerraldetik egindako jokaldi dotorea baliatu du, bakar-bakarrik, bosgarren gola sartzeko.

Partidaren bukaeran ikusleek bere taldearen garaipenaz gozatu ahal izan dute. Azken asteetan jokoan izan diren 12 puntuetatik 12 lortu ditu Eibarrek eta Lehen Mailan jarraitzeko helburua gero eta hurbilago dago.