Skip to main content
EU
Kluba

Eibar Kopan: 1985-1990

Lehen aldiz Lehen Mailako talde bat kanporatu genuenekoa

Klubeko historian lehen aldiz Lehen Mailako talde bat Kopan kanporatzea lortu zen 1985-1990 urteen artean. Bosturteko berean, gainera, Bigarren B Mailara igoera lortu zen 1986an eta handik bi urtera, Bigarren Mailara igoera.

1986ko maiatzean Badajozen Bigarren B Mailara igotzea lortu eta hilabete gutxira, talde armaginak beste lorpen garrantzitsu bat eskuratu zuen Ipuruan. Etxean, zaleen aurrean, Sevilla kanporatu zuten. Urte oparoen iragarpena izan zen hura.

Sortutako espektatibak erantzunez Eibarrek bi urte geroago lortu zuen Bigarren A Mailara igoera. Fundaziotik lehena. Zilarrezko mailan jarraituko zuen 18 denboralditan jarraian, egun indarrean dagoen errekorra.

Bigarren A Mailan, mailari eustea zen lehentasuna, eta hori dela eta, Kopa bigarren mailako txapelketa izatera pasatu zen.

1985-1986

Lehen aurkaria Cultural Durango izan zen, 3. mailako euskal taldeen artean onenetarikoa zen Eibarrekin batera.. Ipuruan, etxekoek 3-0 irabazi zuten Ribera atzelari azkoitiarraren eta Josu Ugarte erdilari arrasatearraren golei esker (2). Tabiran jokatutako itzuliko neurketan, partida berdinketarekin bukatu zen, Josuk berriro eta Luluagak bi gol eskuratu zituen.

Bigarren kanporaketan, Eibarrek Basconiaren aurka hutsean berdindu zuen joaneko partidan Ipuruan eta 1-4 irabazi zuen itzulikoan Chuchi Hidalgoren (2) eta Miguel Fuentesen (2) golekin.

Hirugarren kanporaketako zozketan Lehen Mailako punta-puntako talde bat egokitu zen aurkari: Zaragoza. Fuentesek markagailuan aurreratu zuen Eibar lehen minutuan, eta ia amaierara arte mantendu bazen emaitza, aragoiarrek 83. eta 90. minutuan irauli zuten neurketa. Romaredan etxeko taldea 3-0 nagusitu zen.

1986-1987

Lehen kanporaketan, ordu hartan bakarrera, aurkaria aurreko urteko bera izan zen eta partida Tabiran jokatu zen. Berdinketarekin bukatu zen eta Eibarrek 4-3 gainditu zituen penaltiak. Arauzko denboran Luluagak egin zuen gola, eta penaltietan, aldiz, Garmendiak bi gelditu zituen.

Hurrengo aurkaria Sestao izan zen, partida bakarrera Ipuruan. Armaginek garaipena lortu zuten (2-1), Iñaki eta Hidalgoren golekin.

Hirugarren kanporaketan, hura ere partida bakarrera, Eibarrek bere historiako orrialde distiratsuenetako bat idatzi zuen. Izan ere, Gomez de Segurak luzapenean egindako golari esker lehen mailako Sevilla kanporatu baitzuen. Ekainaren 4an SD Eibarren webgunean argitaratutako erreportajean xehetasun handiagoz azaldu genuen.

Eibarrek laugarren kanporaketa jokatzetik at gelditu zen, eta final-zortzirenetan, zozketak Reala egokitu zitzaion.

Donostiarrek 0-2 irabazi zuten Ipuruan. Egun hartan Ipurua jendez gainezka egon zen. Ziurrenik, Eibarren inoiz izandako sarrerarik handiena izango da.

Suziri jaurtiketa eta aurretiko beste jai ekitaldi batzuk izan ziren. Atsedenaldian Eibarko jokalari ohiek eta Realeko Esnaolak eta Amutxastegi "Bombonerazo"-k parte hartu zuten, zelai erditik gola sartzen saiatzean zetzan jokoa, helburua lortu ez zuten arren.

Ipuruan honako jokalariak zelairatu zituen Eibarrek: Garmendia, Olaizola (Artutxa), Ribera, Altuna, Azkargorta, Julio (Ballesteros), Iñaki, Luluaga, Arrue, Gomez de Segura eta Fuentes.

Realak Atotxan 2-0 irabazi ondoren, ordura arte Eibarko Kopako txapeleketan izandkao parte hartze onena amaitu zen. Aulkian Alfonso Barasoain zegoen.

1987-1988

Santurtzi izan zen lehen aurkaria eta joaneko partidan 1-0 irabazi zien armaginei. Itzulikoan, estutasun askorekin irabazi zuen Eibarrek, Toñok 88. minutuan kanporaketa berdindu eta Isidorok luzapenean markagailua iraultzea lortu ondoren.

Bigarren kanporaketan, Lasesarren, Eibarrek 2-3 irabazi zion Barakaldori Altunaren, Iñakiren eta Carrilloren golekin. Itzulikoan armaginak 3-2 gailendu ziren Altuna, Isidoro eta Lopez Rekarteren golekin. Barakaldoko entrenatzailea Jose Mari Amorrortu zen. Minutu bateko isilunea egin zen Martin Romarate argazkilariaren heriotzagatik. Romarate Plazaola funts grafikoaren egilea zen. Gaur egun Eibarko Udala digitalizatzen ari dena, hain zuzen, SD Eibar Fundazioaren laguntzarekin, milaka argazki 50, 60, 70 eta 80ko hamarkadetako Ipuruako partiduak bildu dituzte. Partida amaitzean, ikusle batek zelaira salto egin zuen eta Barakaldoko ordezkariari eraso zion.

Hurrengo aurkaria 2. B mailako Oviedo izan zen, eta bana berdindu zuen Ipuruan Eguigurenen golarekin luzapenean. Atsedenaldian, Miguel Fuentes klubeko jokalari ohiak Xarraka tabernaren garaikurra jaso zuen 86-87 denboraldiko jokalaririk erregularrena bezala. Asturiasen 5-0, karballoietarako eta kopa-ibilbidearen amaierarako.

1988-1989

Lehen kanporaketan, Eibarrek Osasuna Promesasen aurka jokatu zuen Ipuruan 2-0 (Artutxa eta Luluagaren). Iruñean 0-1 Luluagaren golarekin. Hurrengo kanporaketan, Sansek 1-0 irabazi zuen Atotxan eta 1-2 Ipuruan Aguirian

1989-1990

Eibarrek Elxen aurka galdu zuen lehen kanporaketan. Ilizitarrek 2-1 irabazi zuten etxean Lizartzako Gaspar Barriolaren golarekin eta bana Ipuruan Ritxi Arrien gernikarraren golarekin.

Erreportaje honetan bildutako datuak SD Eibar Fundazioaren Patronatuko kide den Jesus Gutierrez historialari eibartarrak eman ditu.