Skip to main content
EU
Kluba

Eibar Kopan (1975-1979)

Lehen aldiz, Lehen Mailako talde batek Ipuruan jokatu zuen lehia ofizialean

Hirurogeita hamargarren hamarkadako bigarren zatian Eibarrek garai zailak bizi zituen. Hirugarren mailatik Erregionaletara jaitsi zen eta bertan hiru urte egin zituen.

Kategoria nazionalera itzultzearekin batera, eibartarrek Lehen Mailako talde batekin jokatu zuten lehenengoz. 1979-1980 denboraldian izan zen, Eibarrek Athleticen aurka jokatu zuen.

1975-1976

Denboraldi honetan Kopako aurkari bakarra Marbella izan zen. Andaluziarrek kanporaketa aise irabazi zuten. Joanekoan 0-1 irabazi zuten Ipuruan eta itzulikoan, aldiz, 3-1 gailendu ziren. Armaginen gola Eduardo Berriozabalek egin zuen.

Kopako ibilbidea iragankorra izan bazen ere, denboraldia are eta garratzagoa izan zen. Izan ere, eibartarrak Erregional Mailara jaitsi ziren.

Jaitsieraren ondorioz, Eibarrek ez zuen Kopako kanporaketarik jokatu hurrengo hiru urteetan. 1970tik hona, gorri-urdinek edizio guztiak jokatu dituzte, hutsik egin gabe.

1979-1980

Hirugarren Mailara itzultzearekin batera, Eibarrek lehen aldiz historian Lehen Mailako talde baten aurka jokatu zuen. Athetlicen aurka, hain zuzen.

Lehen kanporaketako zozketak talde zurigorriarekin parekatu zituen. Joaneko neurketa 1979ko irailaren 12an jokatu zuen Ipuruan. Aurrez, 50. hamarkadan, talde bizkaitarrak lagunartekoa jokatua zuen Ipuruan, baina inoiz ez txapelketa ofizialean.

Zelaia lepo zen eta Athleticeko entrenatzailea zen Helmut Senekowitsch-ek titularrez beteriko hamaikakoa atera zuen. Ostera, horietako asko protagonista bilakatuko ziren, bi liga eta Kopa bat irabazita.

Eibarrek ederki eutsi zion lehiari lehen zatian. Athletic bi bider aurreratu bazen ere, armaginek bitan orekatu zuten markagailua, Echave eta Alduncinen golekin. Bigarren zatian, aldiz, Athleticek beste abiada bat eman zion neurketari eta 2-5 hartu zuen mendean Eibar.

Eibartarren hamaikakoa honakoa izan zen: Garmendia, Elustondo, Navas (Mendizabal), Biain, Gómez, Alduncin, Echave, Javi Pérez (Picado), Badiola, Ormaetxea eta Cadarso. Athleticena, aldiz, hauxe: Iribar, Urkiaga, Goikoetxea, De Andrés, Alexanco, Tirapu, Dani, Villar, Argote, Irureta eta Rojo.

Itzuliko partida urriaren 31n jokatu zen San Mamesen. Etxekoak 5-1 gailendu ziren. Guztira 8.000 lagun bildu ziren eta epailea Condón Uriz izan zen. Aurrez, 1948an, armaginek lagunartekoa jokatu zuten San Mamesen.

Eibatarren gola “Flechi” Cadarso jokalari beteranoak sartu zuen. 1971an Eibarrek Kopako txapelketan egin zuen lehen gola lort zuen Jupiter Leonésen aurka. Ezker hegalariak azkarra izanagatik jaso zuen bere goitizena. Hori dela eta, kontraerasora min handia egiten zuen jokalaria zen. Egun hartan, elastiko gorri-urdinarekin Kike Ormaetxeak partida ona egin zuen. Ostera, lehen taldeko entrenatzailea izango zen.

Neurketa hartan, Eibarko lau jokalarik jokatu zuen. Alde batetik, Athleticen Agustin Gisasolak jokatu zuen, eta Eibarren, aldiz, Gomez “Galle” atzelaria eta Javi Perez (ostera Eibarko idazkari tenikoa) eta Kike Ormaetxea erdilariak. Perez Palentzian jaio bazen ere, eibartarra izatez.

Eibarrek hurrengo hamaikakoa atera zuen: Carrera, Mendizabal, Picado, Diego, Gómez, Biain (Echave), Alcides, Javi Pérez (Alduncin), Ormaetxea, Elustondo eta Cadarso.

Kanporaketa honen ostean, Eibarrek Athleticen bi aukera gehiagotan jokatu du. Bata, 1984an eta bestea, 2012an. Azken horretan, Eibarrek klasifikazio historikoa lortu zuen San Mames zaharrean bere eraisketa baino lehen jokatutako azken partidan.

2014 urtetik aurrera, Eibarrek sei alditan jokatu du San Mamesen Lehen Mailan. Gertaera pentsaezina taldea Erregional Preferenten ikusi zuten zale armaginentzat.