Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar irmoki gailendu da Sevillaren aurka (5-1)

Armaginek lehen aldiz garaitu dituzte sevillarrak Lehen Mailan

Eibar irmoki gailendu da Sevillaren aurka Ligako hogeita bigarren jardunaldian. Armaginak nagusi izan dira hasieratik bukaerara eta emaitza bikaina lortu dute aurkari sendo baten aurrean. Kike García, Orellana (birritan), Ramis eta Arbilla izan dira neurketako goleatzaileak, eta klubarentzat garaipen historikoa lortu dute. Izan ere, lehen aldiz garaitu dituzte sevillarrak Lehen Mailan.

Hasi eta berehala Kike Garcíak neurketako lehen gola egin du. 40 segundo nahiko izan ditu aurrelariak Ricoren area barrura sartu eta ezkerkada bortitzaz markagailuan bat eta hutsekoa jartzeko. Armaginek hasiera paregabearekin ekin diote lehiari eta lehen minutuetan Sevillaren zelaian jokatzea lortu dute. Lehen ordu laurdena pasa denean, Orellanak arratsaldeko bigarrena egin du, esker hegaletik Cotek jarritako erdiraketa maisuki errematatuz.

Handik gutxira, ordea, epaileak penaltia adierazi du sevillarren alde, Dani Garciak area barruan baloia eskuarekin jo ostean. Sarabiak ez du barkatu eta markagailua murriztea lortu du. Behera etorri beharrean, armaginek lanean jarraitu dute eta 31. minutuan Ramisek burukada zoragarri batean bitartez hirugarrena egin du korner batean. Atsedenaldira 3-1koarekin joan dira jokalariak.

Eibartarrek gogoz ekin diote bigarren zatiari, kanpotarren baloi irteerari presio sendoa eginez. Halaxe iritsi da arratsaldeko laugarrena. Sevilla baloia atzetik atera nahiean zela, Orellanak baloia lapurtzea lortu du eta Ricori izkin egin eta gero, baloia sareratu du.

4-1koarekin, kanpotarrak markagailua murrizteko abaguneak izan dituzte. Oso serio jardun dira eibartarrak defentsa lanetan eta bikain kudeatu ditu partiduko azken minutuak. Hori gutxi balitz 42. minutuan bosgarrena egitea lortu dute armaginek. Arbillak maisuki jaurti du Dani Garciari egindako falta eta hesiaren gainetik pasa ondoren, sare barrura bidaltzea lortu du, amaierako bost eta bateako lortuz.