Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar garaipenetik hurbil egon da

Armaginek hasierako 0-1ri buelta eman diote, baina Juanfranek partidua berdindu du 85. minutuan

Eibarrek buelta emateko zaila zen 3-0eko emaitza ekarri zuen Madrildik, baina gaur Atletico Madriden aurka lehiatzeko gai izan da eta garaipena lortzeko zorian egon da.

Armaginek lehiatzeko eta irabazteko nahiarekin hartu dute partidua eta, posible balitz, ezustekoa emateko aukeretan pentsatuz.

Mendilibarren taldea izan da partiduaren jabe hasieratik. Atletico, bitartean, esfortzu handirik egin gabe egon da, zelai erdian baloia ez galdu nahirik eta kontraerasoan irteten.

Etxekoen aukera onena 26. minutuan iritsi da, debutatzen zuen Josue Dorriok ia eskuadratik sartu duen jaurtiketa ederrarekin. Hala ere, Moyak gelditu ona egin du baloia kornerrera bidaliz.

Bigarren zatiaren hasieran iritsi da kanporaketa amaitutzat ematen zuen gola. 49. minutuan, Nico Gaitanek kornerra atera eta Gimenezek buruk sarera bidali du baloia.

Golak partiduaren erritmoa moteldu du eta hiru denboralditan Atleticok Eibarren aurka lortzen zuen seigarren garaipena iritsiko zela ematen zuen.

Neurketa zurigorrien aldera erortzeko zorian egon da, baina 68. minutuan Yoelek Correari eskuz eskukoa gelditu dio.

Jose Luis Mendilibarrek aldaketa bikoitza egin du 72. minutuan, Imanol Sarriegi eta Jesus Dorrio zelaitik ateraz eta Pedro Leon eta Sergi Enrich berdegunean jarriz. Neurketari buelta emango zion aldaketa honek.

Jokalari biak zelaian sartu eta minutu bat ere pasa ez denean, berdinketa lortzeko jokaldiaren protagonista izan dira. Bebek jokaldi ederra egin du eskumatik, baloia Pedro Leonen hanketara iritsi da, bere jaurtiketak zutoinean jo, alderatzea Sergi Enrichi heldu zaio, balearetako aurrelariak bolea zoragarria egin du eta baloia goitik sartu da atean. Sekulako gola.

Golak armaginak esnatu ditu eta Moyaren atera hurbildu dira garaipenaren bila. 80. minutuan, Ruben Peñaren pasearen ostean, Pedro Leonek eskumarekin modu elegantean 2-1ekoa egin du.

Ipuruako zaleek emaitza ontzat ematen zuten, nahiz eta kanporaketatik kanpo geratuko ziren, , baina Atleticok berdinketaren gola lortu du 85. minutuan Juanfranek defentsaren akatsa aprobetxatu ostean.

Azken berdinketa dezepzio txikia izan da Eibarrentzat, mailaz igo denetik Atleticori irabazteko lehen aukera handia baitzuen. Hala ere, zaletu armaginek euren jokalariak txalotu dituzte partidu amaieran.

Neurketaren momentu negatiboa 33. minutuan eman da, Fran Ricok zelaia utzi behar izan duelako min hartuta. Larunbatean A Coruñako Deportivoren aurka jokatzeko zalantza da.

Kopako ibilbidea amaitu du Eibarrek. Historian lehen aldiz final laurdenetara sailkatu da talde armagina eta orain Liga da bere helburu nagusia, bigarren itzulian mailari eusteko adina puntu lortu nahi dituelarik eta aurreko denboraldietako sailkapen onagoa lotzea ahal den heinean.