
Eibar esku hutsik itzuli da Ciutat de Valénciatik (2-1)
Markagailuan aurreratu diren arren, punturik gabe gelditu dira armaginak
Eibarrek Levanteren aurka galdu du Ligako 19. jardunaldian. Armaginek ezin izan dute punturik batu Ciutat de Valencian eta lehen itzuliko azken bisita porrotarekin amaitu dute. Inuik taldea markagailuan aurreratu duen arren, Mendilibarren mutilek ez dute norgehiagoka kontrolatzen jakin eta etxekoek markagailua iraultzea lortu dute.
Ia ez da aukerarik izan lehen zatian, baina Eibarrek kontrolpean izan du defentsa lan bikaina egin eta gero. Inui izan da armaginen izan duten mehatxurik handiena lehen zatian. Eibartarrek, ordea, ez dute asmatu aukera sortzerako garaian.
Bigarren zatian, aldiz, defentsako lan onak saria izan du hasi eta berehala. Sergi Enrichen presioak granoten baloi irteeraren galera eragin du eta Inuik ederki baliatu du aukera hori taldea aurretik jartzeko. Eibarren minuturik onenak izan dira, eta errenta handitzeko abagune garbia izan dute jarraian. Aitor Fernandezek erantzun bikaina eman dio Inuiren jaurtikea bortitz bati.
Taldea ondoen zegoenean Levanteren berdinketa iritsi da, eta armaginen atzealdeko deskonexioa baliatu dute banako ezartzeko. Etxekoen golak neurketaren norabidea aldatu du eta testuinguru horretan, Valentziako taldearen minuturik onenak iritsi dira. Hala, Moralesek beste eraso azkar baten ostean bigarrena egin eta eibartarrak punturik batu gabe utzi ditu.