Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar Errege Kopatik at gelditu da Sportingen aurka berdinketa lortu eta gero (2-2)

Armaginek ezin izan dute kanporaketa irauli eta final hamaseirenetan kanporatuak izan dira

Eibar Errege Kopatik at gelditu da Sportingen aurka bina berdidu eta gero. Armaginek helburu zaila zuten gaurkoan joanekoan 2-0 galdu ostean eta ezin izan dute kanporaketa irauli. Mendilibarrenak saiatu badira ere ez dira fin ibili azken metroetan eta hori gutxi balitz, asturiarrak barrura bidali dituzte norgehiagokan izandako bi aukera bakarrak.

Eibartarrak gol goiztiarra bilatu dute lehia hasieran kanporaketa berdintze aldera. Baina Sporting izan da bere lehen iritsieran aurreratu dena. Alvaro Jimenezek ederki burukatu du ezker hegaletik gidatutako kontraerasoa eta kanporaketa maldan gora jarri du etxekoentzat.

Armaginek ez dute etsi eta baloi jabetzaren bitartez Martinen ate ingurura hurbiltzen saiatu dira. Atezaina erabakiorra izan da bere taldea bizirik mantentzeko. Garbiena Cardonak izan du area txikian baina jauriketa atezainak ezinhobeto gelditu du. Eibarren unerik gozoenak ziren baina berriz ere kontraeraso batean, Sportingek bigarrena lortu du.

Bigarren zatian, Mendilibarren mutilak kanporaketa oso zaila zegoela ikusirik, neurketa berdintzera irten dira. 52. minutuan Cucurellak errenta murriztu du Arbilarren pase bikaina jaso eta Martin gaindituz. Eibarrek gehiago nahi zuen eta ahalegin handiak egin ditu bigarrena eskuratzeko. Berdinketa, ordea, gehiagorako denborarik gabe iritsi da. Charlesek aldaratze bat jaso du aurkako arean eta jaurtiketa bortizarekin atezaina gainditu du, binakoa eginez.

Hala, itzuliko neurketa berdinketarekin amaitu da. Hortaz, emaitza ez da nahikoa izan kanporaketari buelta emateko eta Eibar Errege Kopatik at geratu da.