Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar erraldoi batek Valencia goleatu du

Armaginek 0-4 irabazi die valentziarrei

SD Eibarrek LaLigan etxetik kanpo inoiz lortu duen goleada handiena lortu du gaur Valencia CF-ri 0-4 irabazi ostean. Armaginek egin duten partidu handiaren erakusle da emaitza hau, valentziarrak baino gehiago izan direlako 90 minutuetan.

Hasierako minutu lasaien ostean, Eibarrek Valentziara hiru puntuen bila joan dela erakutsi du. Armaginen lehen aukera 18. minutuan izan du Arbillak, baina bere jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora.

24. minutuan beste abisu bat eman du Eibarrek Dani Garciaren gora joan den jaurtiketa batekin. Hiru minutu beranduago, Sergi Enrichek aurretik jarriko zituen armaginak. Balearetako aurrelariak Escalantek eskumatik erdiratutako baloia behetik buruarekin sareratu du.

Valenciak ia ez du aukerarik sortu eta Eibar izan da jokoan nagusi. 45 minutuan partiduko jokaldi klabea iritsi da. Epaileak penaltia adierazi du eta Soler kaleratu du honek Escalanteri aurpegian eskuarekin jo ostean. Adrianek penaltia bota eta 0-2 jarri du markagailuan.

Bigarren zatiak bide bera jarraitu du. 56. minutuan gol ederra sartu du Dani Garciak defentsaren alderatzea jaso eta bolea bateik baloia eskuadran ipiniz. Zoragarria benetan.

Valenciak amore eman du eta Eibarrek gol gehiago lortu nahi izan ditu. Eta iritsi da laugarrena. Eskumatik baloia jaso ostean, Sergi Enrichek baloia kontrolatu eta zutoin albotik sartu du.

Eibarren partidu borobila Valentzian goleada historikoa lortuz. Armaginek 32 puntu dituzte orain eta Europako txapelketak jokatzeko sailkapena ematen duten postuetatik hurbil kokatzen dira. Mendilibarren taldeak Granada jasoko du hurrengo jardunaldian astelehenean 20:45etan Ipuruan.