Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar entrenamenduetara itzuli da Gabonetako atsedenaldiaren ostean

Asier Riesgo normaltasunez entrenatu da eta Fran Rico aurrera doa bere sendatze lanetan

SD Eibar gaur arratsaldean bueltatu da entrenamenduetara Atxabalpen, joan den abenduaren 22az geroztik izan duen Gabonetako atsedenaldiaren ostean.

Batez ere lan fisikoa eta baloi pixka bat landu den gaurko lan saioan Asier Riesgo normaltasun osoz entrenatu da, abenduaren 4ean San Mamesen eskuin ipurmasailean jasandako zuntz hausturatik erabat sendatuta.

Fran Ricok, bere aldetik, aurrera egiten du eskuin peronean duen estres pitzaduraren susperraldian eta zelaian egin du lan saioko lehen zatian. Hurrengo egunotan taldearekin lanean hasi eta datorren astean normaltasunez lan egin dezakeela aurreikusten da. Ivan Ramisek errehabilitazio lanetan jarraitzen du abenduaren 5ean ezkerreko maleolo tibialeko haustura sendatzeko egin zioten ebakuntzatik.

Gaurko lan saioan Dani Garcia eta Ander Capa (Euskal Selekzioarekin kontzentratuta), Antonio Luna (gaur Andaluziako selekzioarekin jokatzen duena) eta Takashi Inui (lanera bihar bueltatzeko baimena duena) falta izan dira.

Taldea bihar eta larunbatean entrenatuko da Atxabalpen; Urte Berri egunean gimnasio, masaje eta errehabilitazio eguna izango da; eta astelehenean berriz bueltatuko da lanera Atxabalpen asteartean Iruñean Osasunaren aurkako Errege Kopako (final zortzirenetako joanekoa) neurketa prestatzeko.