Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Eibar aurretik jarri zen baina bizia eman zion ahula zirudien Málagari

Armaginek La Rosaledatik puntuak ekartzeko aukera ona galdu dute

Eibarrek La Rosaledan puntuak gehitzen jarraitzeko aukera ona galdu du. Lehen zatian nagusi izan zen, baina atsedenaldia eta gero aurkaria berpizten utzi zuen.

Armaginak argi eta garbi nagusitu ziren lehen zatian eta, nahiz eta aukera garbi gehiegirik ez izan, 41. minutuan markagailuan aurreratu ziren debuta egiten zuen Nano Mesa aurrelariaren golari esker. Kanarietako aurrelariak Inuik ezker hegaletik bidalitako erdiraketa buruz errematatu zuen eta Kamenik, baloia urruntzea lortu zuen, baina aldaratzea Nano berari joan zitzaion eta honek, area txikitik, sarea zulatu zuen.

Neurketa bideratuta zirudien, Málaga zalantzaz betetako talde ahularen itxura ematen baitzuen, baina atsedenaldira joateko minutu bat falta zela, airea hartu zuen Sandroren golari esker.

Bigarren zatian, etxekoek baloiaren jabetzarekin egin ziren eta abagune gehiago izan zituzten. Armaginek, ordea, lehen 45 minutuetan erakutsitako freskotasuna galdu zuten.

Hala eta guztiz ere, Málagak ez zuen arriskurik sortzen eta norgehiagoka puntu banaketarekin bukatuko zela zirudien.

Orduan, zelaian sartu berria zen En-Nesyri agertu zen eta, partida bukatzeko 15 minutu falta zirela, eskuin hegaletik jaurtiketa dotorea egin zuen ezkerrez. Baloia zutoin ondotik sartu zen eta Riesgok ezer gutxi egin ahal izan zuen.

Neurketaren azken txanpan, Eibarrek borrokatzen jarraitu zuen eta aukeraren bat izan zuen, adibidez, azken minutuetan oso gutxigatik kanpora joan zen Escalanteren bolea.

Armaginek burumakur utzi zuten La Rosaleda, lehen zatian nagusi izan ziren eta orokorrean gehiago merezi izan zuten partida batean porrota jaso eta gero.