Skip to main content
EU
Kluba

Egitura handiagoa eta hobetua Kirol Zuzendaritzarako

Lehen bere ardurapean bi lagun bazituen ere, orain bederatziko taldea izango du zuzendariak

Lehen Mailako eskakizuna handia denez, aldaketa handiak egin behar izan dira lehenengo taldeko jokalarien artean eta Kirol Zuzendaritzako sailaren egituran. Horrela, bada, 2014-2015eko denboraldian sail horretan bi lagun bazeuden ere, orain 9 egongo dira.

Gaur goizean, sail horretako arduradunak, Fran Garagarzak, organigrama berria aurkeztu du. “Oso albiste ona da proiektu hau aurkeztea. Kontseiluari eskerrak eman behar dizkiogu apustu honengatik, baita Amaiari zein Jose Mariri ere, Lehen Mailako taldea eratzeko aukera emateagatik”.

Garagarzak baieztatu egin du oso garrantzitsua dela gaur egungo eskakizunei aurre egiteko gai izatea. “Orainaz eta etorkizunaz hitz egiten ari gara. Urratsa eman dugu. Zenbat eta gehiago inbertitu horretan, futbol-taldeak orduan eta gehiago murriztu ahal izango ditu arriskuak, nahiz eta arriskuak hortxe egon. Baliteke aurton inoiz baino prestatuago egotea, baina inoizkorik txarren egitea. Arriskua hortxe dago”.

Idazkari teknikoak, Mikel Martijak, organigrama berria zein den azaldu du:

Kirol Zuzendaritzan, Idazkaritza Teknikoko saila egongo da, eta, aldi berean, bi sailetan egongo da banatuta: Teknologikoa (Unai Ezkurra) eta Scoutinga.

Scouting Sailak zenbait herrialde eta ligatan jarraipena egitea proposatu du:

               - Fran Garagarza burua izango da Espainian jarraitutako ligetan.

               - Mikel Martijak eta Alberto Gonzálezek Hego Amerikako ligetan egingo dute jarraipena (Kolonbia, Txile, Argentina eta Uruguay).

               - Tomas Amaral Portugalen egongo da.

               - Mate Bilic Balkanetan egongo da (Serbia, Kroazia, Bosnia eta Montenegro).

               - Lluis Codinak nazioarteko ligetan jokatzen duten jokalari nazionalen jarraipena egingo du.

Josu Guinea Fidelizatuen Saileko burua izango da. Hilero, jokalarien bilakaerari buruzko txostenak partekatuko ditu, eta banakako atentzioa nahiz komunikazioa ere eskainiko dizkie jokalariei.