Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Dmitrovic: Oso ona da atean lehiakortasuna egotea eta asko lagunduko gaitu

Serbiako atezainak bigarren denboraldiari ekingo dio Eibarko jokalari gisa

Marko Dmitrovic-ek gaurko prentsaurrekoan adierazi duenez, armaginentzat onuragarria izango da lehenengo taldeak hiru atezain izatea (Asier Riesgo, Yoel eta bera): "oso ona da atean lehiakortasuna egotea eta asko lagunduko gaitu".

"Inork ez dauka postua ziurtatuta, bakoitzak jokatu nahi du. Oso ondo lan egiten ari gara eta misterrari zalantza positiboak sortu nahi dizkiogu, asteburu bakoitzean hiru atezainen artean aukeratu dezan. Lehiakortasuna oso positiboa da eta bakoitzak dena emango du titularra izateko. Entrenamenduetan ezin gara segundo batez ere erlaxatu, aukerarik txikiena ere aprobetxatu behar dugu".

"Jokatzen ez dutenak ez dira pozik egongo, baina horrelakoa da futbola. Lehenik lagunak gara eta gero taldekideak. Ni titularra izateko borrokatzen ari naiz, nire esku dagoen guztia emango dut eta gero entrenatzaileak aukeratuko du. Garrantzitsua da hirurok maila oso altua izatea taldeari laguntzeko".

Aurre-denboraldiari dagokionez "oso ondo lan egiten" ari direla esan du. "Oraindik ez gaude sasoi betean, baina Liga hasieran ahalik eta hoberen egoteko ari gara lanean".

Dmitrovic-entzako iaz baino maila altuagoa izango du aurtengo Ligak. "Urtez-urte diru kopuruak gora egiten du, jokalari hobeak datoz eta kalitate handiagoa dago. Oso ondo sendotu dituzte talde guztiak eta zailagoa izango da mailari eustea. Denboraldi gogorra izango da eta 10 edo 12 talderen arteko borroka egongo da mailaz ez jaisteko. Oso talde ona daukagu, behintzat, lehenengo helburu gisa, mailari eusteko, eta hortik aurrera, gauzak nola doazen aztertu eta sailkapenean ahalik eta gorenen bukatzeko".

Serbiako atezainak azpimarratu du jokalari armagin bezala jarraitzea bakarrik duela buruan. "Nire burua Eibarren dago, oso gustura nago, gozatzen, eta ez dut alde egiteko arrazoirik. Inoiz eskaintza onik iristen bada, niretzat eta klubarentzat, hitz egitera eseriko gara. Hemendik alde egiteko modu bakarra kluba pozik gelditzea da, talde honek asko eman dit eta. Eskaintzaren bat heltzen bada, biok oso pozik egon behar gara. Nik egunero disfrutatzen dut hemen eta ez dut nire burua beste inon ikusten".

Errusiako Munduko Txapelketari dagokionez, Dmitrovic-ek onartu du pena hartu zuela ez jokatzeagatik, "baina hamar urte geratzen zaizkit futbol profesionalean eta seguruenik nire selekzioarekin beste Munduko Txapelketa bat jokatzeko aukera izango dut".

Bestalde, Kepa Arrizabalagari buruz hitz egin du, Chelseak fitxatu berri duena. "Futbolean merkatuek eta kantitateek gora egiten dute urtero. Keparentzako aurrerapauso bat da eta seguru asko balio hori dauka Chelsea talde handi bat delako, Ingalaterrako onenetakoa eta ondo dakite fitxaketa bakoitzarekin zer egiten duten. 80 milioi ordaindu badituzte, balio dituelako da".