
Denboraldiko lehen porrota Ipuruan (0-3)
Partida hasiera kaskarrak min eman dio Eibarri, eta denboraldiko lehen porrota jaso du Ipuruan Cartagenaren aurka (0-3).
Bosgarren minuturako bi gol jaso zituen Eibarrek. Jairok 2. minutuan eta Borja Vallek 5.ean egin dituzte Luis Carrionen taldearen lehen golak.
Partida oso maldan gora jartzen zen eta armaginek erreakzionatu egin behar zuten bisitarien abantaila neutralizatzen saiatzeko.
Bi mazokaden ostean, Eibar suspertu egin da eta argi eta garbi menderatu du, baina gol aukera argiak sortzeko zailtasunak izan ditu. Jon Bautistak 10. minutuan egindako errematea eta 30.ean autogol bihurtzetik gertu egon den ekintza izan dira lehen zatiko aukerarik argienak.
Bigarren zatian Garitanoren taldea nagusi izan da, eta 56. minutuan gola sartzeko zorian egon da Stoichkoven erremate batekin, atezainaren aurrean bakarrik, langa gainetik joan baita.
Eibar erasora iraulita zegoela, 69. minutuan iritsi da epaia, Pablo de Blasis armaginen jokalari ohiaren kontraerasoari egindako golari esker.
Saiatu da Eibar, baina hiru golak zama handiegia ziren eta partida 0-3koarekin bukatu da.