Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Errastik Eibar utzi du, futbolaren zaldun eta ondorengoentzat eredu izan denak

Futbolaren zaldun eta ondorengoentzat eredu izan den Jon Errastik Kluba uztea erabaki duela adierazi du gaur. Taldeko kapitainetako bat eta taldeko eibartar bakarra zena, futbol italiarrera doa bere ibilbide profesionalari beste norantza bat eman asmoz.

Errastik prentsaurrekoa eman du gaur Ipuruan, Klubaren presidentea den Alex Aranzabal ondoan zuela. Prentsa aretoan, kazetariez gain, hainbat jokalari, zuzendari eta zenbait Klubeko langile egon dira, futbolari eibartarrari agurra emateko asmoz.

Errastiren talde berria AC Espezia izango da, Italiako B seriea jokatzen duena.

Eibarko jokalari moduan egin duen azken ekitaldian, "pozik" eta "lasai" doala esan du, taldea "esku honetan" eta "merezi duen tokian, Lehen Mailako postu gorenean" utzi duelako.

Garbi utzi du ez zuela Eibar utzi izango Bigarren Mailara jaitsi izan balitz. "Ez nuen sekula alde egitea pentsatuko, laguntzeko geratuko nintzateke, beste guztiak bezalaxe".

Errastik Klubari eskerrak eman nahi izan dizkio, ez baitio inongo trabarik jarri bere kontratua amaitutzat ematerako garaian. "Klubak hamarreko jarrera izan du, nire erabakia errespetatu du eta bere babes osoa eman dit".

"Esperientzia oso polita bizitzera noa, aukera hau profitatu beharra daukat. Aukerarik erosoena denboraldi honetan hemen geratzea litzateke, baina futbolean zein bizitzan erabakiak hartu behar dira, eta momentu egokia dela uste dut aukera honi baietz esateko."

Errastik hiru urte hauetako balantzea egin du. Eibarren alevinetatik kadetetara arte jokatu zuen, eta duela hiru urte bueltatu egin zen. Hiru momentu gogoratu ditu bereziki: Bigarren A Mailarako igoera Hospitaleten, Athletic-en aurkako garaipena Errege Kopan (EIbar Bigarren B Mailan zegoenean) eta Lehen Mailara igoera Mendizorrotzan. "Bizi ahal izan ditudan momentu historikoak dira".

"Tratu bikaina jaso dut, bai Klubaren aldetik eta baita honen ingurunetik ere. Gauza oso politak gertatu dira hiru urte hauetan. Oso gustora bueltatuko nintzateke Eibarrera, jokalari, entrenatzaile, zuzendari edo arropa garbitzaile moduan. Eibar nire etxea da".

Alex Aranzábalen hitzetan, "gaur egun berezia da Eibarrentzat", "arrasto ezabaezina utzi duen pertsona batek uzten gaitu", "Eibarren historiaren urte garrantzitsuenetan egon baita bertan". "Bigarren B Mailara etorri zen eta Lehen Mailako lider utzi du taldea".

"Iritsi zenean momentu gogorrak ziren, zailtasun ekonomikoak genituen eta taldea Bigarren B Mailan zegoen. Aldagelan, zelaian, jarraitzaileekin, zuzendariekin, eredu da. Etsenpluzko jokalaria da. Mingarria da Jon bezalako pertsona bat galtzea".

"Eibarren izenean gure esker onenak eman nahi dizkiogu" Errastiri, 108 partida jokatu ditu lehen taldean egon den 3 denboraldi hauetan. "Inoiz izan dugun enbaxadorerik onena izan da: adeitsua, edukazio onekoa, langilea... eibartarraren perfila betetzen du. Bizitza luzea da eta klubaren ateak irekita daude beretzat. Eibarko historiaren handietako bat badoa".