Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Defentsan egindako bi hutsegitek Besiktasen garaipena erraztu dute

SD Eibar ez da irabazteko gai izan Austrian jokaturiko bigarren partidan eta porrot egin du 0-3ko emaitzarekin.

Leogang-eko Steinberg futbol zelaian ekin dio Eibarrek Austrian antolatutako denboraldi-aurreko bigarren neurketari. Harmailak jarraitzaile turkiar zaratatsuez gainezka zeudela, 16:00etan zelairatu dira jokalariak, arratsalde berotsu batean.

Lehenengo minutuetan kosta egin zaie Mendilibarren jokalariei partidaren erritmoa hartzea. Horrela, epaileak hasierako txistua jo eta 7 minutura, Besiktas markagailuan aurreratu da, defentsa armaginaren hanka-sartze baten ondoren. Tenperatura altuak zirela eta, epaileak jokalariei hidratatzeko denbora ematen zien eta Mendilibarrek une horiek baliatu ditu jokoaren inguruko zuzenketak egiteko. 36. minutuan norgehiagoka berdintzeko aukera izan dute armaginek, Pedro Leónen jaurtiketa baten bitartez. Orduan piztu egin dira eibartarrak.

Bigarren zatian lastertasunez sartzen zen jokoan Eibar, arriskua sortuz, baina defentsan egindako hutsegite berri batek Besiktasen bigarren gola ekarri du 56. minutuan. Handik eta lau minutura, otomandarrek partidua itxi dute. Epaileak armaginen aldeko penaltia ez du ikusi eta, kontraerasoan, Tolgay Arslan-ek Asier Riesgo gainditu du maisutasunez baloia loratuz.

Larunbatekoa, Austriako kontzentrazioan antolatutako 4 partiduen bigarrena izan da. Ostegunean Koloniaren aurka jokatuko du Eibar, eta hurrengo larunbatean Leipzig izango du aurkari.