Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Dani Garcia: Asko daukagu jokoan, zortzigarren postuan amaitu nahi dugu

Kapitain armaginak dioenez, “partidu handia eginez joan nahi dugu oporretan”

Dani Garcia SD Eibarren kapitainak gaur Ipuruan adierazi duenez, taldeak domekan Camp Nouen duen partiduan “asko daukagu jokoan”. Izan ere, “Klubarentzat eta guretzat historikoa izango litzateke 8. postua lortzea, eta partidu handia eginez joan nahi dugu oporretan”.

 “Beti da motibagarria talde handi baten aurka jokatzea eta ondo amaitu nahi dugu urtea. Badakigu zaila izango dela han zerbait ateratzea, baina pentsamendu bera geneukan Bernabeura joan ginenean”, eta bana egin zuen han talde armaginak.

 “Bernabeun sufritu eta gozatu egin genuen aldi berean, eta espero dugu Camp Noueu gauzak ondo irtetea, akats gutxi egitea eta partidu ona egitea, nahiz eta sufrituko dugula badakigun”.

Athletic Cluben aurka Ipuruan jokatutako neurketa “funtsezkoa” izan zen Eibar Europako postuetatik aldentzeko bere iritziz. “Partidu handia egin genuen eta hiru puntuak ez lortzeak Athletic, Erreala eta Villarreal aldentzea suposatu zuen, eta horrek kalte egin zigun moral aldetik”. “Hiru partidu jokatu ziren hurrengo astean eta horrek ere kalte egin zigun, eta ez dugu nahi bezain ondo amaitu”.

 “Gure denboraldia denboran aurrera egin ahala gehiago baloratuko da orain baino. Izan ere, zapore gazia geratu zaigu hainbeste denboran onenen artean sartzeko borrokatzen ibili garelako, eta afizioak eta guk gehiago espero genuelako”.

2019ko ekainera arte dauka Eibarrekin kontratua Dani Garciak eta bere etorkizunaren inguruan azaldu duenez, “klubak kontratua berritzeko eskaintza egin zidan, baina ez ginen ados jarri eta esan nien udara arte ez nuela ezer jakin nahi. Berritu nahi banaute, nire agentearekin kontaktuan jarriko dira eta, bestela, beste urte baterako kontratua daukat, beraz, lasai nago”.