Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Cote: “Zoriontsua naiz hemen, nirekin gehien identifikatzen den kluba da Eibar”

Atzelari asturiarra “pozik” da eta ez du baztertzen Eibarren erretiratzea

José Ángel Valdés “Cote”k bi urte gehiago jokatuko ditu elastiko gorri-urdinarekin. Jokalari armagina pozik azaldu da “egonkortasuna” eman dion klubean jarraitzeko aukeragatik.

“Kontratua amaitzetik gertu nintzenetik nire ideia hura berritzea zen. Hilabete batzuk generamatzan hitz egiten eta dena zehazteko gogoa nuen. Bi alderdiak pozik gaude. Nirekin gehien identifikatzen den kluba da Eibar eta oso zoriontsu naiz hemen. Lehiakor izaten jarraitu eta nire mailarik onenean jarraitu nahi dut”, dio jokalari asturiarrak.

Cotek argi zuen klub armaginean jarraitu nahi zuela. “Lan taldearen konfiantza dut, baita taldekideena ere, eta oro har, klubarena. Hori da gehien balioetsi behar dena, beste gauzen gainetik. Eta hala sentitzen naizenez gero, Eibarren jarraitu nahi nuen”.

Hegaleko atzelariaren ustetan, aldagelako giroa oso garrantzitsua da bere ongizatean. “Talde hau pasada bat da. Aldagela gutxi egongo dira horrelakoak Lehen Mailan. Lagun talde bat garela dirudi, hemen esaten den bezala, kuadrila bat. Harreman ezinhobea dugu, egunero gabiltza eztabaidan, brometan, eta hori ezinbestekoa da ondoren zelaian maila onean aritzeko”.

Kontratu berritzearen beste giltzarrietako bat José Luis Mendilbarren da, zalantzarik gabe. Coterentzat, “Mendilibar ezinbestekoa da. Identitate bat eman dio taldeaeri eta bide onetik garamatza. Mendirekin argi dugu gure jokamoldea. Egia da berak eskatzen duen horretara egokitzeak denbora exijitzen duela. Baina denbora daramaten jokalarien bitartez errazagoa egiten da dena”.

Jokalari armagina eroso sentitzen da Zaldibarko entrenatzailearekin. “Oso pozik nago Mendilibarrekin. Harreman ona dut berekin eta esango nuke nire onena ematen lagundu nauela. Berekin adi egon behar zara, oso kontzentratuta. Hasieran zaila egiten da, oso intentsoa da eta beharrezkoa da mentalki lan egitea eskatzen dizun guztia ulertzeko eta bereganatzeko".

Atzelariak argi du klubaren beste gakoetako bat: herri baten babesa. “Eibarrek meritu itzela du. 28.000 biztanleko herriaz ari gara. Biztanleria jende ona da, zentzuduna eta koherentea. Joan den astean, 0-4 galtzen ari ginela animatzen jarraitu ziguten. Horrek asko laguntzen du, batez ere lasaitasunarekin jokatzeko aukera ematen du eta garrantzitsua da errendimendu handia eman ahal izateko”.

Cotek armagina izaten jarraituko du datozen bi urteetan eta ez du baztertzen klubean erretiratzeko aukera. “Egun oso gustura nago Eibarren, klubarekin, jendearekin… Pozik naiz eta uste du bi urte barru nire iritzia berdina izango dela. Ikusiko da. Eibarrek nahi badu eta prest badago ziur akordio batera iritsi gintezkela”.