Skip to main content
EU
Bigarren Taldea

CD Vitoriak kanporaketa bideratu du

Bigarren taldeak 3-0 irabazi dio CA Cibonerori Ipuruan

CD Vitoriak 3-0 irabazi dio CA Cirbonerori eta 2. B Mailara igotzeko play-offaren bigarren kanporaketa bideratu du. Bigarren taldeak abantaila handiarekin ekingo dio hurrengo igandean Cintruenigon jokatu behar duen neurketari.

Arkaitz Lakanbraren jokalariek modu paregabean hasi dute neurketa eta 10. minuturako bi gol lortu dituzte Asier Etxaburuk Ibargoien eta Corralen bi erdiraketa buruz sarera bidali ostean.

Gasteiztarren golek kanpokoen animoak baretu dituzte eta armaginen bigarren taldea jokoan nagusi izan da. Imanol Sarriegi eta Aitor Ortega zelai erdiaren jabe izan dira, eta Vitoriak nahi duen horretara jokatu du.

Cirbonero bi aukera on izan ditu ezker hegaletik egindako jokaldietan, baina jaurtiketak gutxigatik kanpora joan dira.

Vitoriak, bere aldetik, abantaila handitu ahal izan du aldageletara joan aurretik. 30. minutuan, Ortegak 30 metrotatik jaurti eta baloiak langa jo du. Sei minutu geroago, Etxaburuk ia hirugarren gola lortu du buruz, baina atezainak baloia burutik kendu dio errematatzera zihoanean.

Atsedenaldiaren ostean, Vitoriak hirugarren gola bilatu du. 51. minutuan jokaldi ederra egin dute etxekoek, baina atezainak ondo itxi dizkio zuloak Fran Adevari.

  1. minutuan, hala ere, gasteiztarren hirugarrena iritsi da. Ortegak maisuki utzi dio orpoz baloia Ibargoieni eta honek baloia zutoin albora bidali du atezainaren luzada ezerezean utziz. Zoragarria.

Hirugarren golaren ostean Cirbonerok indarra galdu du, eta Vitoriak kontrola mantendu eta gol gehiago bilatu ditu. Etxaburuk aukera bikoitza izan du 68. minutuan, baina ez du asmatu.

Sergio Celiguetak txartel horia ikusi du Josue Dorriori sarrera itsusia egin ostean 69. minutuan. Jokalari bat gehiagorekin, Vitoriak beste golen bat gehiago egiteko aukera izan du, baina Ipuruako markagailua ez da gehiago mugitu.

Bigarren taldeak emaitza hau berretsi beharko du datorren iganean Cintruenigoko San Juan zelaian jokatuko den neurketan.