
Capa: Las Palmas partida berezia izango da, Levanteren aurkakoa bezala
Atxabalpeko lan-saio ondorengo Caparen hitzak
Ander Capa, SD Eibarren eskuin hegaleko atzelariaren hitzetan, datorren ostiraleko UD Las Palmasen aurkako partida (Ipurua, 20:30), "berezia" izango da, Levanteren aurka etxean jokaturiko azken partida bezalaxe, non Eibarrek 2-0 irabazi zuen.
Biak ere jaitsiera postuetan diren taldeak izanik, norgehiagoka hauek garrantzia handiagoa dute Eibarrentzat, maila mantentzea helburu duen taldearentzat. Kasu honetan, Mendilibarrenen garaipenak 18 puntuko aldea utziko luke kanariarrekiko, Liga amaitzeko hamabi partidaren faltan.
"Momentu honetan, ez dugu maila mantentzean bestetan pentsatzen, bi partida irabazi, eta hortik aurrera datorrena ongietorria izango da. Guregan sinesten dugu, eta horrek helburua lortzera eramango gaitu", adierazi du Capak.
Atzelari armaginaren hitzetan, ostiraleko partidaren zain dago taldea, Balaídosen galdu ostean. "Porrota jasotzen duzunean momentu hori azkar pasatzea nahi izaten duzu, bakoitzak bere onena eman eta garaipena lortzen saiatzeko".
"Arantza ateratzeko gogoz da taldea", Errege Kopako kanporaketan grankanariakoek armaginak garaitu ostean, orduan, joanekoa eta itzulikoa galdu zituzten eibartarrek.
Aurten bi taldeek elkar ikusi zuten beste partidan, Eibarrek 0-2 garaitu zuen Las Palmas Gran Canaria estadioan, ligako zazpigarren jardunaldian.