Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Banakako akzioek eman diote garaipena Athletici

Armaginek ia 2-0-ko emaitza irauli dute, baina gaindituak izan dira San Mamesen

Athletic Clubeko banakako akzioek bilbotarren aldera bideratu zuten San Mamesen 3-1 amaitu zen neurketa parekatua.

Armaginak partiduko hainbat fase kontrolatu zituzten, baina iritsiera eta joa falta izan zitzaien. Bilbotarrek, ordea, kontrakoa. Eurek bai jakin zuten izan zituzten aukerei zukua ateratzen.

Lehen zati parekatuan, Valverderen taldea 41. minutuan jarri zen markagailuan aurretik Beñat Etxeberriak Alejandro Galvezek Sabin Merinori egindako falta modu ederrean jaurti ostean.

Bilbotarrak hobeto irten ziren atsedenaldiaren ostean eta euren errenta handitu zuten Iñaki Williamsek ezker hegalean izugarrizko korrikaldia egin eta Asier Riesgo eskuz eskukoan gainditu ostean. 54. minutua zen.

Neurketa sententziatuta zegoela ematen zuen, baina Eibarrek ez zuen amore eman eta bere aukeretan fedea izaten jarraitu zuen.

Ekite horren ondorioz, Mendilibarren jokalariek distantzia txikiagotu zuten 70. minutuan. Pedro Leonek Inuiri pasatu zion, honek buruz Sergi Enrichi eta azken honek sarera bidali zuen burukada.

Golaren ostean iritsi ziren armaginen minuturik onenak. Eibarrek markagailuari buelta eman ahal ziola sinetsi zuen eta Athletic larri ibili zen abantailari eusteko. Takashi Inuik berdintzeko aukera izan zuen 82. minutuan, baina Ruben Peñaren pase jaso ostean ez zuen Kepa Arrizabalagarekin eskuz eskuan gola sartzen asmatu.

Eibarrek aurrera egin eta amaierara arte ekin zuen, baina defentsa arreta gabe utzi eta Iker Muniainek hori aprobetxatu zuen Villalibre hasiberriaren pasea jaso ostean partiduari amaiera emateko.

Armaginek aurpegia eman eta momentu oro lehiatu ziren, baina bere jokalari nabarmenen kalitatea aprobetxatu zuen Athletic Cluba izan zuen aurrean eta azken hauek lortu zituzten hiru puntuak.