
Asier Riesgo: “Badakigu haiek behartuta daudela eta irabaztera etorriko direla, maila eman behar dugu”.
Debako atezainak kazetarien galderak erantzun ditu Atxabalpen, entrenamendua bukatu eta gero
Riesgok denboraldi-aurrean Osasunaren aurka jokaturiko partida gogoratu du gaur goizean eta asteleheneko neurketarako ilusio handia dutela adierazi du: “Gogo handiak ditugu asteleheneko partidurako. Oso partida garrantzitsua da, Bernabéun puntu bat gehitzetik gatozelako eta, etxean ere puntuak lortzen baditugu, aurrerapauso garrantzitsua izango da. Hori da geure ideia”. Eibarrek azken norgehiagokan lortutako emaitzaren inguruan, berdinketa Real Madrilen aurka, Riesgo zuhur ageri da: “Partida ona egin eta berdinketa lortu genuen, horrela hobeto egiten da lan astean zehar. Datorren astean etxean jokatuko dugun partida prestatzen saiatu behar gara, oso lehiakorrak izaten ari gara eta ildo horretan jarraitzea eta garaipena lortzea espero dugu. Hori da geure nortasuna. Badakigu haiek behartuta daudela eta irabaztera etorriko direla, maila eman behar dugu”.
Riesgo bere iragan gorritxoaz ere oroitu da: “Nire azken denboraldia Osasunan gogorra izan zen, noski, baina oroitzapen ezin hobeak ditut. Zentsu horretan, partidu berezia izango da. Hurrengo urtean haiek denboraldi ona egin eta igo ziren. Aurten, pixka bat kostatzen ari zaie, baina denak batera lan egiten dute eta ondo defendatzen dakien taldea da, pasa den urtean oso gol gutxi jaso zituena”. Armaginen bolada onari buruz ere hitz egin du atezainak: “Bernabéura zoazenean oso partida ona egin behar duzu punturen bat lortzeko, handik puntuak ekartzea oso zaila delako. Orain jendea pozik dago, baina gu gogo berdinak jartzen saiatu behar gara, geure liga hau da. Haiek irabaztera etorriko dira eta maila ematen ez badugu, oso gogorra izango da”.