Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Armaginek partidu handia egin eta markagailua irauli dute Ipuruan

Lehen zatian nagusi izan arren, Villarrealek bigarren zatian amore eman zuen Eibar kementsu baten aurka

SD Eibarrek partidu handia egin zuen Europa mailako talde garrantzitsu baten kontra eta markagailua irauli zuen, Villarrealen denboraldiko lehenengo porrota eraginez.

Eibarrek ez zion inoiz Villarreali Lehen Mailan irabazi eta horiek ez zuten partidarik galdu denboraldia hasi zenetik, baina gaur, dena aldatu da Jose Luis Mendilibarren taldeak fede eta adore handiz eskuratutako garaipenarekin.

Fran Escribáren taldea nagusi izan zen lehen zatian. Neurketaren kontrola hartu zuen eta ez zion Eibarri bere futbola egiten utzi. Etxekoek ondo defendatzen zuten eta Villarreal ez zen abaguneak sortzeko gai. Norgehiagoka bigarren zatian erabakiko zela zirudien, baina orduan, 41. minutuan, Lejeunek Sansoneri egindako penaltia iritsi zen. Bruno Sorianok ez zuen barkatu eta 0-1ekoa jarri zuen.

Aldageletara joan baino lehen, Sergio Asenjok estutasunez kornerrera urrundu zuen Lejeunek area kanpotik egindako zartako ikaragarria.

Atsedenaldiaren bueltan, partida erabat ezberdina izan zen bi taldeentzat. Eibar gogotsu zelairatu zen, bertikaltasunarekin. Villarrealek, berriz, bigarren zati kontserbadoreagoa proposatu zuen, kontraerasoak bilatuz.

Asenjo protagonista bilakatu zen eta bere taldearen abantaila mantendu zuen 64. eta 65. minutuen artean, Sergi Enrich, Pedro León eta Kike Garcíak egindako jaurtiketa arriskutsuei erantzun ederra emanez.

Minutuak pasatzen ziren eta neurketa ildo berean jarraitzen zuen. Eibar saiatzen zen, baina ez zuen arrisku handirik sortzen, Villarrealek ondo defendatzen zuelako.

Berdinketa, 80. mintuan iritsi zen. Iván Ramisek eman zuen kolpea. Pedro Leónen falta jaurtiketa baten ostean, aldaratzea Mallorcako atzelariari joan zitzaion eta eskuinez jaurtiketa gurutzatu bortitza bidali zuen sarera.

Orduan, norgehiagokak bizitasuna hartu zuen. Bi taldeek joan ziren garaipenaren bila eta Eibar izan zen saria aurkitu zuena. 86. minutuan kontraeraso eder batean baloia Sergi Enrichi iritsi zitzaion. Honek Pedro Leóni eman eta murtziarrak Sergio Asenjo gainditu zuen, bere denboraldiko laugarren gola lortuz.

Gaurkoan inoiz baino gehiago, Pedrok eskuak zerura altxatu zituen bere anaiari omenaldia eginez, gaur istripu batean hil zenetik hamaika urte betetzen baitziren.

Escribáren taldeak partida berdintzen saiatu zen, baina armaginak serio aritu ziren defentsan eta emaitzari eutsi zioten. Jokalari eta zaleek alaitasunez ospatu zuten eta arrazoiak dauzkate, izan ere, denboraldiaren laurden bat pasa ondoren, SD Eibar sailkapeneko gune lasaian dago.