Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Armaginek gehiegizko zigorra jaso dute

Eibarrek ezin izan dio Adurizen golari buelta eman

Eibarrek 0-1 galdu du Athletic Clubaren aurka, eta ezin izan dio bere zaleei garaipenik eskaini Ipuruan jokatutako neurketan. 

Armaginak nagusi izan dira ia norgehiagoka osoan zehar, baina zurigorriek partida osoan izandako aukera bakarrari etekin ezin hobeagoa atera diote, arratsaldeko gol bakarra erdietsiz.

Eibarrek ondo hasi du lehia, gogoz, eta aurkaria mendean izan du une oro, presio altua eginez eta Athleticen zelaierdiari jokoan sartzen utzi gabe. 

Aurreneko zatiko erdialdera Zigandaren mutilek norgehiagoka parekatzea lortu dute, eta orduan lortu dute arratsaldeko gol bakarra. Williamsek baloia erdiratu eta Aritz Adurizen burukadak sare barruan amaitu du, 38. minutuan. 

Bigarren zatian armaginak nagusi izan dira, eta partida berdinketa ahalegin ugari egin dituzte.

70. minutuan Sergi Enrichek gola gertu izan du, baina Kepak erantzun ona eman dio; bi minutu geroago, aldiz, Ondarroako atezainak Kike Garciaren burukada bati erantzun paregabea eman dio. 

Athleticek abagune bakarra izan du, 77. minutuan, baina Dmitrovicek bikain erantzun dio Muniainen jaurtiketari.

Norgehiagoka amaitzeko zazpi minutu faltan Enrichek aukera berri bat izan du, baina ez du zorterik izan.

Eibarrek ezin izan du Ligako lehen atsedenera sei puntuekin iritsi, baina orain arte jokatutako neurketa bietan oso maila ona eman du, eta edozein aurkariren aurrean bere jokoa egiteko gai dela erakutsi du.