Skip to main content
Prentsaurrekoa

Arene Altonaga: "Urte polita izango da, ikasteko eta hobetzeko denboraldia"

FC Barcelonaren aurkako partidaren atarian, kapitainak adierazi du "munduko hoberenen aurka jokatzea baino, garrantzitsuagoa da Ipuruan jokatzea"

There are no reactions yet. Be the first!

Eibarreko kapitainak asteazken honetan prentsaurrekoan hitz egin du denboraldiko lehen garaipena lortu ondoren, eta FC Barcelona etxean hartuko duen astean. Levante UDri irabaztearen garrantziari buruzko galderari, Arene Altonagak argi erantzun du: "Oso garrantzitsua izan zen irabaztea, urrezko hiru puntu izan dira. Kontuan hartuta oraindik irabazi gabe gindoazela, sailkapena nola dagoen eta aurkari zuzena izanda".

Kapitainaren zortzigarren denboraldia da, "aldaketa eta trantsizioen" denboraldia: "Nik ilusio handiz bizi dut, niretzat lehen mailan jokatzea ametsa da. Orain etorri, entrenatu eta etxera noa; duela lau urte ezin nuen hori egin, hau da nire lana, eta sari bat da", azaldu du. Baina harago joan da: "Hau eboluzionatzen ari da, guk baldintza hauek ditugu eta egunero hobetzen ari dira. Hurrengo belaunaldiek gutako askok berandu samar jaso duguna gozatuko dute".

Hurrengo asteko aurkariari dagokionez, "ez dago asko egiteko": "Gure helburua beti ahalik eta ondoen egitea da, eta kasu honetan sartzen dizkiguten golak ahalik eta gutxien izatea, gol-average orokorrean kalterik ez egiteko". Pertsonalki, jokalari bakoitzak "jokaldi bakoitza gozatzea, eta haiei gauzak zail jartzea" espero du, eta azpimarratu du, berarentzat, "munduko onenen aurka jokatzea baino garrantzitsuagoa edo ilusio handiagoa sortzen didana Ipuruan jokatzea da".

Halaber, talde "berriaren" bilakaerari buruz hausnartu nahi izan du: "Denboraldi-aurrean zure kategoriako aurkarien aurka jokatzen duzun arren, erritmoa eta intentsitatea ez dira berdinak. Jokalari berri asko daude, asko mailari egokitu behar dira, aurredenboraldian zure ligako taldeekin jokatzen baduzu ere, intentsitatea eta erritmoa ez baitira berdinak". Eta gehitu du: "Gure estiloa eta identitatea bilatzen ari gara. Defentsan sendoak gara, baina gauza berriak egiten ari gara erasoan ere; uste dut urte oso polita izango dela, baina oraindik asko dugu hobetzeko".

PRENTSAURREKO OSOA