Arene Altonaga: "Derbi bat jokoan dagoenean, beti dago lehiatzeko eta irabazten saiatzeko gogoa"
Kapitainak Reala "sendo eta hirugarren postuan finkatuta" ikusten du, "baina derbiak beti dira leihatuak eta berdinduak"
Real Sociedaden aurkako derbiaren aurretik, Arene Altonaga kapitainak prentsa hartu du Areition asteazken honetan, bide batez taldearen azken dinamika baloratzeko ere: "Partida ez zen nahi genuen moduan atera eta porrotak min egin zuen", adierazi du joan den larunbatean Madrid CFFren aurkako partidari buruz.
Taldearen lanari eta egungo moralari dagokionez, kapitaina baikorra da: "Une honetan, gaizki egin genuena ikusteko eta hausnartzeko aukera aprobetxatu behar dugu, dinamika onean gaude eta xehetasun txikiak zuzentzea da kontua."
Baina, orain, hurrengo derbian zentratu behar da taldea, igandean, 12:00etan Zubietan jokatuko dena: "Lasai gaude eta irabazteko gogoz. Derbi bat jokoan dagoenean, beti dago lehiatzeko eta irabazten saiatzeko gogoa, beraz, horren bila joango gara". Edna Imade goleatzailearen irteerari buruz, Arene zuhur agertu da: "Dinamika oso onean daude, hirugarrenak eta posizio horretan finkatuta, talde oso indartsuarekin. Edna falta bada ere, nabarituko dute, baina jokalari eta baliabide nahiko dituzte hutsune hori betetzeko", eta horretarako "defentsan gauzak ondo egin beharko ditugu eta gure aukerak aprobetxatu, beste behin".
Taldeak daraman dinamika ona, batez ere etxetik kanpo, "agian irabazteko edo partidaren kontrola eramateko presiorik ez izateagatik izan daiteke. Askatasun horrek gure joko estiloarekin ondo dator, eta hori izan daiteke emaitza positibo horiek izateko arrazoia".
Eibarrek 11 puntuko aldea ateratzen dio jaitsiera markatzen duen taldeari, DUX Logroñori, eta kapitainak ontzat baloratzen du: "Hmaika puntuko tarte honek astez aste jarraitzen laguntzen digu. Ez dugu beste taldeei begira egon behar, eta hori beti da positiboa".
PRENTSA-ARETOKO SAIO OSOA