Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Arbilla: Hunkigarria da ilusioz beteriko proiektu berri batean zerotik hastea

Nafarroako atzelaria SD Eibarreko jokalari bezala aurkeztu dute

Anaitz Arbilla SD Eibarreko jokalari berriak bere aurkezpenean adierazi du “hunkigarria” dela zerotik hastea “ilusioz beteriko proiektu berri batean”.

Nafarroako eskuineko hegalekoa RCD Espanyoletik dator eta Ipuruan aurkeztu dute Amaia Gorostiza Klubeko Presidentea eta Fran Garagarza Kirol Zuzendariarekin batera.

Taldez aldatzeko arrazoien artean, Arbillak hurrengoak aipatu ditu: “urte asko kanpoan pasa eta gero etxera bueltatzea” eta talde batean minutuak jokatzeko aukera izatea, Espanyolen aurre-denboraldia egin eta “han geratzeko arrazoi asko ez izan” ostean.

Aurreko denboraldian ia urte osorako zelaietatik urrundu zuen Akilesen tendoiko lesio larriaren inguruan, Anaitzek “ahaztuta” dagoela esan du. “Lehenbailehen konpetitzen hasi nahi dut”. “Ia urte bat jokatu gabe pasatu ondoren ilusio eta gogo handiagoekin nago”.

“Hamaikakoan egotea zaila izango da. Ander Capak urteak daramatza maila ona ematen eta balio duela erakutsi du, baina ohituta nago konpetentzia izaten. Espanyolen, Javi López izan dut. Azkenean, bakoitzak berea begiratzen du eta bilatu behar duguna Eibarrek denboraldi bikaina egitea da. Nire aldetik, postu batean edo bestean minutuekin konplitzeko prest nago”.

“Polita da talde berri batera etortzea eta beste talde batean urte eta erdiz izan dituzun taldekideekin berriz aurkitzea. Garrantzitsua da, taldean integratzen laguntzen zaituztelako. Dena den, aldagelan giro ederra eta harmonia ona dagoela dirudi eta laster taldean integratuko naiz. Hori da momentu honetan behar dudana”.

Fran Garagarzak bere aldetik “Anaitzen izena aspalditik azpimarratuta” zutela nabarmendu du.

“2 edo 3 lekuetan joka dezake eta hori nabarmentzekoa da. Arbilla etorri izan ez balitz, defentsarako B edo C plan bat aurkitzeko zailtasun handiak izango genituzkeen. Eibarrera ekartzeko jokalari interesgarrien artean, lehenengoetakoa zen. Ezaguna da balio handiko jokalaria dela. Fitxaketa honekin denboraldi honetarako taldea ixten dugu”.

Amaia Gorostizak ongi etorria eman dio jokalari berriari Administrazio Kontseiluaren izenean. “Laster zure etxean bezala egongo zarela uste dugu eta zure bertsiorik onena ematea espero dugu”.