
Arbilla: "Entrenamenduetako sentsazioek puntuak batzen lagunduko digute"
Eibarreko atzelariak Administrazio Kontseiluak entrenatzaileari eta taldeari emandako babesa eskertu du
Anaitz Arbillak adierazi duenez, taldeak "intentsitatearekin eta gogotsu" ekin dio entrenamendu asteari, eta "entrenamenduetan transmititzen ditugun sentsazioek puntuak batzen lagunduko digute".
"Dinamika hau mozteko modurik onena partida bat irabaztea da. Ez ditugu besoak jaitsiko, eta ez dugu amore emango. Borrokan jarraitzeko unea da, elkarri laguntzeko unea, denok norabide berean arraun egiteko unea. Topikoa dirudien arren, horrela da. Ez dakit zer gertatuko den, baina ez dezagun izerdi tantarik geratu barruan eta ikus dezagun astebururo lehiatzen garela".
Arbillak Jose Luis Mendilibarri "erabateko babesa eta konfiantza" erakutsi zion Eibarko Administrazio Kontseiluaren atzoko komunikatuari balioa eman dio, eta "klubak egindako keinua eskuzabala" dela esan du.
"Garai ona bizi izan dugu elitean eta merituaren zati handi bat Mendilbarri esker da. Klubaren erabakia egokia iruditzen zait eta berarekin, lan taldearekin eta Eibarrekin borrokan jarraituko dugu. Mendiren lana ikusgarria da Eibarren. Amaia Gorostiza entrenamenduetan azken asteetan ia egunero laguntzen ari dela ikusi dugu. Denok sentitu dugu bultzada hori, eta eskertzen dugu. Hori guztion artean atera behar dugu, batez ere gure lanarekin".
Taldearen kirol norabidea zuzentzeko, Arbillaren ustez, "Egiten ari garen akatsak hobetu behar ditugu, puntuak kostatzen zaizkigu eta partida bakoitzean izaten ari garen intentsitatea mantendu eta baita gainditu ere. Munduko fede osoa dugu eta azkeneraino borrokatuko dugu".
Larunbateko aurkariari buruz esan du Athleticek asko aldatu duela bere dinamika Marcelinoren etorreratik. "Orain oso talde fidagarria da defentsan eta erasoan asko sortzen du, oso talde sendoa ikusten dut. Zaila da haiei eskua sartzea, oso talde txukuna delako. Talde zaila da, baina gugan jartzen dugu arreta. Asteburuan protagonista izaten, talde bizia izaten eta sentsazio onak berreskuratzen saiatuko gara, San Mamesen hiru puntuak lortuz".
"Ez gara espekulatzera joango, irabaztera goaz. Eibar indartsu eta azkarra izan nahi dugu. Ziur nago partida hau oso garrantzitsua izan daitekeela gure etorkizunerako".