Skip to main content
Kluba

Aranzábal: Eibarri onena opa diot: helburuak lortzen eta ideia berriak sortzen jarrai dezatela, taldeak hazten jarraitzeko

Alex Aranzábalen azken prentsaurrekoa SD Eibarreko presidente bezala

There are no reactions yet. Be the first!

SD Eibarreko presidente bezala eman duen azken prentsaurrekoan, Alex Aranzábalek esan du taldeari «onena» opa diola, eta «helburuak lortzen eta ideia berriak sortzen jarrai dezatela» dela bere nahia, «taldeak hazten jarraitzeko».

Aranzábalen hitzetan, «duela hamaika urte abian jarri zen ziklo bat amaitu da». Bi hitzekin definitu zuen ziklo hori: «eraldaketa eta ausardia».

«Duela lau urte Lemoan, Guijuelon edo La Muelan jokatzen genuen; orain, aldiz, Santiago Bernabeun edo Camp Noun jokatzen dugu.  Lehen, 800 lagun etortzen ziren partiduak ikustera; orain, 5.000 bazkide baino gehiago ditugu».

«Bigarren B mailan geundenean murrizketak egin behar izan genituen, eta horrek, besteak beste, Eibar B taldearen desagerpena eragin zuen. Iaz 4 milioi euroko superabita izan genuen, eta aurten hamar milioikoa. Horrek esan nahi du ehunekotan Eibar Europako talderik errentagarrienetako bat dela».

«Eibar markaren irudia mundu zabalean da ezaguna orain, eta gure hirugarren denboraldia jokatuko dugu Lehen mailan. Talde hau unibertsitateetan ikertzen ari dira, eta hori guztion lanari esker lortu dugu».

«Gauza horietako asko ez ziren gertatuko askotan ausartak izan ez bagina eta aurrera egin izan ez bagenu, adibidez kapital-zabalpena egin genuenean bezala. Eraldaketa eragin duten erabaki gehienek zalantzak sortu dituzte hasiera batean».

Aranzábalek eskerrak eman zizkien «bidaia izugarri eta zirraragarri honen parte izan diren pertsona guztiei».

«Nekezak izan dira zazpi urte eta erdi hauek, eta alde egiteko erabakia hartzeko unea iritsi da. Lanean buru-belarri arituz eta bizitza pertsonalean hainbeste sakrifizio egin eta gero, guztiz nekatuta nago, leher eginda. Lasai noa, ohiz kanpoko abentura bat izan delako sentsazioarekin».