Skip to main content
EU
Lehen Taldea

Antonio Luna: Talde horretan 15 urte igaro ditut eta partidu polita izango da niretzat

Eibarreko atzelaria Sevillan hazi eta hezi zen futbolari bezala eta larunbatean euren aurka jokatzen du

Antonio Lunak, Sevillako harrobitik atera zen SD Eibarreko atzelaria, gaurko prentsaurrekoan aitortu du bere ohiko taldearen aurkako larunbateko norgehiagoka “berezia” izango dela, “talde horretan 15 urte igaro ditudalako eta partidu polita izango da”.

“Pasa den urtean ez nuen haien aurka jokatzeko aukerarik izan. Bi partiduak galdu nituen lesioen ondorioz” nabarmendu du Lunak. Gaur ez da entrenatu biki muskuluaren kontraktura bat dela eta, “baina larunbatean jokatzeko ez dago arazorik, entrenatzaileak hala erabakitzen  badu”.

“SD Eibarren nago orain eta guztia ematen saiatu behar naiz nire taldearentzako emaitza onak lortzeko. Oraingoan, Sevillaren kontra jokatzea tokatu zaigu. Igandetik aurrera hoberena opa diet, baina larunbatean, hiru puntuak Ipuruan geldi daitezela”.

Bere aburuz, Eibar “lehiakorra eta konpromiso itzelezko” taldea da. “Denbora pasa ahala, kontzeptuak hobetzen goaz, normala da hasieran zalantzaren bat izatea. Egia da azken partidetan zorte pixka bat izan dugula, baina konpromisua eta lanarekin geratu behar gara, horiek baitira bereizten gaituzten ezaugarriak eta horiei esker iritsiko da arrakasta”.

Fitxaketa berrien inguruan, “erasoko jende asko” iritsi dela azpimarratu du. Defentsan, pasa den urteko askok jarraitzen dugu. Azken finean, kalitatezko jokalari lehiakorrak etortzen direnean, askoz errazagoa da piezak sartzea. Aurten ez dugu horrekin arazorik izango, maila handiko jokalariak etorri direlako”.

“Nire bigarren denboraldia da Eibarren eta beti esaten dut gauza berbera: izugarria da taldekide hauekin jokatzea ez dutelako inoiz baloirik galdutzat ematen eta zelaian daukaten guztia uzten dutelako. Gaur egun, horri esker goaz helburuak eta arrakasta lortzen. Pasa den urtean horrela lortu genuen eta seguru nago urte honetan berdin egingo dugula, partiduetan lana ez baita faltako”.

Larunbateko neurketarako iragarpen bat eskatu diotenean, garaipenagatik egin du apustu: “1-0eko emaitza oso ondo egongo litzateke, atzelari batentzako atea hutsean uztea oso garrantzitsua delako”.