
Ansotegi eta Radosevic, SD Eibarren jokalari berrien aurkezpena
Ansotegik 2 zenbakia eramango du soinean eta Radosevic-ek 6a
Jon Ansotegi atzelaria eta Josip Radosevic erdilaria gaur izan dira aurkeztuak Ipuruan, SD Eibarren jokalari berri moduan.
Aurkezpen ekitaldian, Jon Ansotegik Eibarren jokatzea “beste erronka bat” dela adierazi du. “Ilusioz beterik nator. Hau izan zen nire lehen etxea futbolaren munduan, 12 eta 19 urte artean. Aukera bat zen Eibarrekin Lehen Mailan jokatzea, eta argi neukan baiezkoa eman beharra nuela”.
“Poztasun handiz jaso nuen berria, eta eskainitako konfiantza hau eskertu nahi nuke. Aukera sortu zenean, ez nuen bitan pentsatu, gainontzeko aukerak ez nituen kontutan hartu”.
Esan duenez, entrenatzailearen esanetara jartzeko prest dago. “Partidarik jokatu ez badut ere, ez dut arazo fisikorik izan, topera entrenatu naiz, eta aktibo egon naiz denboraldi osoan zehar”. “Eibar goian badago, jokatzen ari direnak oso ongi egin dutelako da. Hau argi daukat, eta nire ondar alea eskaintzera nator”.
Bere aldetik, Josip Radosevic-en hitzetan, “Eibar lanean oso ongi ari den taldea da” eta “hona etortzeaz oso pozik nago” eta “ahal dudan guztia eskaintzeko gogoa dut”.
Defentsa arloko erdilari moduan definitu du bere burua, jaurtiketa ona duena eta espazio libreak betetzeko ahalmena duena. Eibarrera “taldekideei laguntzera” datorrela esan du.
SD Eibarren kontseilaria den Mikel Larrañagak ongietorria eman die biei, eta Jon Ansotegiren kasuan etxera buelta bat dela esan du, Eibarren oinarrizko futbolean aritu baitzen 12 eta 19 urte artean.
“Kasu honetan bereziki kontent nago, futbolari batez gain pertsona bat eta balio batzuk gehitzen baititugu. Klubaren balioen ondarea handitzen dugu”.
Bestalde, Ansotegik atzo Donostian emandako prentsaurrekoari buruz ere hitz egin zuen. “Pertsona baten inguruan kontzentratu zen maitasuna harrigarria izan zen, eta baita eskerrak ematea ere, agurraren gainetik”.
Klubaren Kirol Zuzendaria den Fran Garagarzaren hitzetan, “Jonen entrenatzaile izan nintzen duela urte batzuk, Eibarren jubeniletan”.
Bestalde, Garagarzak Real Sociedad taldeari eskerrak eman nahi izan zizkion, “asko lagundu digute eta asko erraztu operazio hau”